Azaroak 25

Eztizen Telletxea: "Profilak ahaztu; izan dezakezun lagun maitagarriena erasotzailea izan daiteke"

Anboto 2015ko aza. 29a, 10:00

Genero indarkeriaren inguruan hainbat estereotipo eta ideia faltsu behin eta berriro errepikatzen dira ahoz aho zein hedabideen bidez. Ildo horretatik, Eztizen Telletxea Gehilan 2000ko kideak indarkeria sexistaren inguruko argibideak emango ditu Mallabiko Kontzejuzarrean, abenduaren 2an, 20:00etan. Nahikari emakume elkarteak gonbidatu du.


Genero biolentziaren inguruan badago profil konkreturik? Non sortzen da indarkeria?
Biolentzia eguneroko gaia da, edozein tokitan topatzen dugu: bideo-jokoetan, telebistan, literaturan, musikan… Emakumeen aurkako indarkeria etxeko indarkeria baino askoz zabalagoa da, eta leku anitzetan ager daiteke: familiaren edo harreman afektiboen esparruan, lantokietan, ikastetxeetan, eta erakundeetan ere bai, besteak beste.

Beste pertsona batekiko dependentziak zer eragin dauka norberarengan? Zer lotura du genero biolentziagaz?
Emakumeak erasotzailearekiko dependentzia afektiboa, soziala (indarkeria sozialaren ondorioz sortutakoa) edo ekonomikoa izan dezake. Eta indarkeriarekin lotura dauka, noski, erasotzailearen estrategiaren barruan sartzen delako. Biktimak harengan daukan menpekotasun hori mantentzen baldin badu, salaketa saihestuko duela uste du.

Nola atzeman daiteke indarkeria matxista? Profil zehatz bateko emakumeak dira biktima?
Profilak ahaztu; biktimek ez dute inolako profilik izaten. Aztertu ahal ditugun ezaugarriak indarkeriaren ondorioak dira, ez haren aurrekoak. Eta erasotzaileei buruz, zer esan; manipulatzaile itzelak dira, kalera irten eta mozorrotzen dira. Gure lagun maitagarriena ere erasotzailea izan daiteke.

Tratu txarrak ematen dituen pertsona batek inoiz utzi diezaioke erasotzaile izateari? Gai honek eztabaida handia sortu du.
Terapiak eta tratamenduak daude haientzat, baina horien eraginkortasuna nahiko eztabaidagarria da. Terapietara “era boluntarioan” joaten dira, bai, baina helburua kartzela saihestea edo zigorra gutxitzea izan ohi da. Lan handia daukagu esparru honetan; izan ere, oso garrantzitsua da erasotzaileekin egiten diren terapiak benetan eraginkorrak izatea, etorkizunean agertu ahal diren kasuak ekidin ahal izateko.

Etxean ikusitako jarrerek eragin zuzena dute pertsona bat etorkizunean erasotzaile izateko?
Eragina dauka, bai. Behin eta berriro emakumeak gutxiesten dituen testuinguru baten ikastea oso arriskutsua da. Horregatik, nahitaezkoa da haurren bi eragile sozializatzaile nagusiek, eskolak eta familiak, ikuspuntu feminista izatea.

Gazteen arteko bortizkerian jarri da lupa. Gazteak jabetzen dira indarkeria horretaz?
Berdintasunaren irudikerian bizi gara. Gizartearen ustez, gizonek eta emakumeok gaur egun eskubide berdinak ditugu. Emakumeok ikasi egiten dugu, dibortziatu ahal gara, lan egiten dugu… eta horrek lasaitasuna sorrarazi du. Horregatik, gazteen ustez, genero indarkeria bikote gutxi batzuen arazoa da; baina ez da horrela, arazo sozial larria da hau.

Sare sozialak jazarpenerako tresna bihurtu dira.
Sare sozialek besteenganako kontrola sustatzen dute. Hala ere, kontua era egoki baten erabiltzen ikastea da; hezkuntza arazoa da.

Tratu txar psikologikoa genero indarkeria dela argi dugu? Zer biolentzi mota daude?
Teorian, argi daukagu, baina tratu txar psikologiko horiek bereiztea gero eta zailagoa egiten da. Gero eta biolentzia sinboliko gehiago ikusten dugu edonon: jokoetan, iragarkietan… Horri tratu txarrak deitzea nahiko zaila izan daiteke. Bikote harreman baten bost indarkeria mota egon daitezkeela esan ohi dira: psikologikoa, fisikoa, sexuala, ekonomikoa eta soziala.

Jazarpena jaso duen pertsonak bere erasotzaileagaz jarraitzeko arrazoietariko bat izan daiteke tratu txar psikologikoa?
Hori da. Erasotzileak modu psikologikoan suntsitzen du biktima. Horregatik, emakumeen buruko osasunean eragiten du indarkeria mota honek; ondoez emozionala eragiten du. Tratu txar psikologikoak pairatu dituztenek antsietatearekin eta depresioarekin lotutako sintomak dituzte, baita autoestimu baxua eta eguneroko bizitzara moldatu ezina ere. Hori dela eta, euren segurtasun sentimenduek okerrera egin dute, eta mundua segurtasunik gabeko  lekua bihurtzen da. Beraz, zaila da egoera horretatik ateratzea, baina atera daiteke.

Zer baliabide ditu pertsona batek egoera horretatik irteteko?
Salatzea da hoberena. Biktimak merezi dituen baliabideak jaso ahal izateko, eta gizona zigortzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!