“Zaletasuna bai, baina aurrean ate guztiak itxita ikusiz gero, gaitza da”

Anboto 2015ko eka. 20a, 09:00
Mikel Pradera, Igor Astarloa eta Gorka Arrizabalaga

Joan zen barikuan, Mallabiko hitzaldi batek herriko hiru txirrindulari batu zituen. Mikel Pradera eta Gorka Arrizabalaga bertakoak dira, eta Igor Astarloak aita du mallabitarra. Atzoko eta gaurko kontuez aritu ziren. ANBOTOrako ere ariketa bera egin dute, eta gaurko egoerak atzokoaren distirarik zergatik ez duen aztertu dute. Euren gaztetako eta gaur eguneko kontuak ere gogoratu dituzte

Zelan joan zen hitzaldia?

Mikel Pradera:
Ondo. Gainera, gure sasoiko jende asko egon zen: zuzendari izandakoak, lagundu zigun jendea… Gure gaztetako argazkiak ere izan ziren. Batzuetan, 11 urte genituen. Haiei begiratuta, denbora joan egiten dela konturatzen zara.

Gorka Arrizabalaga: Sasoi hura zelakoa zen gogoratzeko balio izan zigun. Lau-bost gurasoren artean Carnicas Mallabia taldea sortu zuten sasoian, han ibili ginen hirurok.


Mallabiko talde hark asko lagundu zizuen?

M.P.: Duda barik. Giro oso ona zegoen. Txirrindularitza munduan ez ziren adituak, baina borondate itzela zuten.

Igor Astarloa: Lasterketa egun-pasa egiteko aitzakia ere izaten zen; hortik zehar bazkaldu, arratsaldea igaro…


Zuen gaztetako txirrindularitzaren eta gaur egungoaren artean alderik nabari duzue?

M.P.: Nire sentipena da gure sasoiko txirrindulariek gauzak serioago hartzen zituztela, baina gu baino zaharragoak direnek seguruenik gauza bera esango dute gugatik. Baina ni oraindik txirrindularitza munduan sartuta nabil, eta iruditzen zait askori ardura puntu hori falta zaiela. Gauzak berez irteten direla uste dute, eta ez da horrela.

I.A.: Bai, lorpenak ez dira zerutik berez erortzen. Nik ez dakit zergatik den, bizitzeko modua aldatu delako, erraztasun handiagoak dituztelako… Nik nire ibilbidean ikasi dut, sarritan, sakrifikatuz gero ere ez direla lortzen emaitzak. Beraz, erabateko ahalegin hori barik… Bestalde, gaur egun txirrindulari gutxiago ere badabil. Gure sasoian, 300 bat gazte batzen ginen Bizkai mailako lasterketetan, eta gaur egun erdiak batzen dira…

G.A.: Ermuan, autobus asko joaten ziren lasterketetara.

M.P.: Gazte mailakoen kopurua %60 jaitsi da iazko datuen arabera. Gure sasoian, Bizkai mailan 300 batzen ginen, eta, gaur egun, asko jota 100 batzen dira. Eta Euskal Herri mailan 180 bat.

G.A.: Kirola egiteko aukera gehiago ere badago. Gure sasoian, futbola, txirrindularitza eta kirol gutxi batzuk gehiago zeuden aukeran. Gaur egun, aukera zabalagoa da.


Zer egin daiteke zaletasuna berpizteko?

M.P.: Batzuek diote dopingagatik dela, baina, nire ustez, hori lelokeria bat da. Gurasoak ez dabiltza horretan pentsatzen. Gurasoek ikusten dutena da errepidea arriskutsua dela.

G.A.: Istripu asko daude, trafikoa asko ugaritu da…

M.P.: Nik sarritan esaten dut egin beharrekoa justu kontrakoa dela. Seme-alabak gaztetatik txirrindularitzan sartzeak onura dakar etorkizunera begira, errepidea irakurtzen ikasten dutelako. Entrenatzeagaz bakarrik ere ikasi egiten da. Gainera, eskola batean gazteak babestuta joaten dira aurretik zein atzetik auto bat dutela. Autoa gidatzerako orduan niri pillo bat lagundu dit bizikletan ibili izanak.

G.A.: Zirimiri egiten duenean, bidegurutzeetan… Azken batean, urte askoan errepideko elementurik makalena izan gara, eta beste batzuek egiten ez dutena, une oro arreta mantentzea, geuk egin behar izan dugu. Errepideko egoera askotan hobeto moldatzen ikasten da horrela.

Errepideko arriskua da txirrindulari kopuruan eman den beherakadaren arrazoietako bat?

M.P.: Baietz uste dut.

G.A.: Errazena da mutiko edo neskato bati zapatilak erostea eta kiroldegi batera eramatea.

M.P.: Pilotalekuan pilotan utzi, ondoan kafetegia badago bertara joan, eta gaztetxoa une oro dago kontrolpean. Errepidean autoak eta kamioiak dabiltza.

I.A.: Nik kirol gehiago probatu nituen txirrindularitzaren aurretik, baina honegaz geratu nintzen, eskaintzen zidan askatasunagatik.

M.P.: Ni baserrikoa nintzen, eta 12 urtegaz, batera zein bestera joateko, bizikletak kristoren askatasuna eskaintzen zidan. Horrela hasi nintzen.

G.A.: Eta inguruak ezagutzeko asko balio du. “Gipuzkoako herri hau ez dut ezagutzen”, pentsatu, eta entrenamendua paisaia horietatik egiten duzu. Toki pillo bat ezagutu ditut. Uste dut ehun kilometroren barruan dena ezagutzen dugula.


Zelan baloratzen duzue Durangaldeko bizikleta eskola sortzea?

M.P.: Ez zegoen beste aukerarik. Talde askotan gazte gutxi zebilen, eta orain ganorazko eskola eta egitura dago. Egokiena talde bakoitzean gazte asko egotea litzateke, baina… Kantitate faltak kalitatean eragin behar du nahitaez. Eta taktika aldetik ere bai. Hogei taldegaz lasterketetako mugimenduak eta taktikak aberatsagoak dira, esaterako; bost taldegaz, ez hainbeste.

 

Zelan ikusten duzue gaur egungo euskal txirrindularitza?

I.A.: Ez dago talderik, hori da arazoa. Caja Rural eta Movistar. Horrela zaila da.

G.A.: Gure sasoian, ostera, sei-zazpi talde zeuden.

M.P.: Afizionatuetakoa da urterik zailena. Gazte mailan, oraindik, denboraldi amaieran ibilaldi bat egingo dutela esan, eta motibatu egiten dira. Baina afizionatu bati profesionaletara pasatzeko zer aukera duen azaldu behar diozu. Eta errealitatea zein den ikusita…

G.A.: Aurrean ate guztiak itxita ikusten badituzu, gaitza da.

M.P.: Unibertsitatean karrera bat ikasten ibili eta ia irteerarik ez duela jakiteagaz konparatu daiteke egoera.

G.A.: Profesionaletara pasatu ginenean, hamabost txirrindulari inguru Iurretako plazan elkartzen ginen, entrenatzeko: Ajuria, Bugallo, Silloniz anaiak, Etxebarria, Zarrabeitia, Mayo, Horrillo… Gaur egun, Durangaldean zenbat txirrindulari profesional daude? Oso gutxi.

I.A.: Ikuspegi ezkorra da, baina errealitatea horrelakoxea da. Azken urteetako krisiak ere eragingo zuen.

M.P.: Azken batean, diru kontua ere bada. Profesionaletan talde asko badaude eta ondo ordaintzen badute, hamar urte barru txirrindulari mordoa egongo dira eskoletan zein profesionaletan.

I.A.: Guk zortea izan genuen. Gure sasoian ere jende oso ona bidean geratzen zen, bai, baina talde gehiago zeuden.

G.A.: ONCE, Kelme, Saunier Duval, Costa Almeria, Fuenlabrada…

I.A: Eta denek elkarrekin lasterketa pilloa lehiatzen zituzten. Ez zegoen gehiagoren beharrik. Gaur egun, lasterketa asko galdu egin dira.

M.P.: Orduan txirrindularien kontratuak berrizterako orduan, talde asko egotera, eskaintzek gorako joera izaten zuten. Batak hau eskaintzen bazuen, ondokoak apur bat gehiago eta horrela. Orain, talde gutxi egotera zuzendariek elkarrekin berba egin eta esaten dute: “Zuentzako bi horiek eta guretzako beste bi hauek. Guk ez diegu eskaintzarik egingo zuenei eta zuek ere ez egin gureei”.


Igor, 12 urte joan dira Munduko Txapelketa irabazi zenuenetik. Non gordeta duzu ortzadar maillota?

I.A.: Ortzadar maillota eta lasterketa hartan erabili nuen bizikleta, biak ditut egongelan eskegita.


Sasoi haiek nostalgiaz gogoratzen dituzu?

I.A.: Ez, nostalgiagaz ez. 23 urte egon nintzen lehiatzen eta esperientzia oso positiboa izan zen. Bai, egunik gehienak sufrimenduzkoak dira, euria eta hotza askotan, eta misera asko pasatzen dira, baina ezin esan sakrifizioa izan zenik, gustatzen zitzaidan horretan ibili nintzelako. Ez dago munduan beste ezer egin nuena baino gusturago egin izango nuenik. Mundu osotik ibili gara, toki eta jende asko ezagutu ditugu… Pribilegiatuak izan gara.

G.A.: Hori dena gogortasunaren barruan.

I.A: Azkenean horregatik uzten duzu. Munduko txapelketa irabazi ostean, maila bat banuela erakutsi nuen eta berriro ez baduzu maila hori lortzen entrenatzea gehiago kostatzen zaizu. Profesionaletara salto egin nuenean euriagaz zein hotzagaz gustura irteten nintzen entrenatzera. Azken urteetan kontrakoa zen: “Gaur ere hotza eta euria eta entrenatzera irten behar, kasuen…”. Orduan konturatzen zara hasierako ilusioa falta dela.


Mikel eta Gorka. Profesionaletan lan handia egin bai, baina ezin izan zenuten lasterketarik irabazi. Arantza txiki bat geratu zitzaizuen?

M.P.: Gustatuko zitzaidan lasterketa bat irabaztea, baina oso zaila da!

G.A.: Nire ere bai podiumera igo eta une horiek bizitzea, baina…

I.A.: Bai, oso zaila da irabaztea. Anekdota kurioso bat dut horren inguruan: Milram taldean ibili nintzenean Alessandro Petacchi taldekidea nuen. Behin Italiako Toscanan entrenatzen genbiltzala esan zidan: “Zotz, munduko txapelketa irabazitakoa zara zu”, eta galdetu zidan: “Guztira zenbat lasterketa irabazi dituzu ba?”. Eta nire erantzuna: “Nove” (bederatzi). Berak ondo ulertu ez eta: “Noventa, e?” (laurogeita hamar)), eta nik ezetz, bederatzi zirela. Eta berak: “Zelan? Bederatzi lasterketa bakarrik irabazita munduko txapeldun? Ez adarrik jo!”. Kuriosoa izan zen. Begira, irabaztea oso zaila da. Nik nire ibilbidean hogei bider bigarren amaituko nuen eta beste hainbeste bider hirugarren.


Gaur egun zer hartueman mantentzen duzue bizikletagaz?

M.P.: Ni Cafés Baqué taldean nabil. Bestela, seme biekin irteten dut bizikletan.

G.A.: Nik udan eta udaberrian apur bat irtetzen dut bizikletagaz osasunari eusteko, baina neguan bat ere ez. Nik ere ume bi ditut eta saiatzen naiz irteten apurka kirola eta txirrindularitza zer den ikusi dezaten. Sei urtekoak ikusten nau eta galderak egiten dizkit,  baina gero eskolara joaten da eta dena da futbola. Azkenean futbolak harretarik gehiena bereganatzen du. Ikusi egin behar txirrindularitzarako har hori sartzen zaien.

I.A.: Otsailean Australian egon nintzen mendi bizikletagaz eta 2.000 kilometro egin nituen beste lagun birekin. Astean birritan irteten saiatzen naiz, baina hile bi ere egon naiteke irten barik, neguan esaterako.


Aspaldian zuetako batzuk enduro motorrera zaletu zarete.

M.P.: Hor gabiltza enduroko motorragaz. Hiru bat urte daramatzat. Lagunen artean giro ona dugu eta irteerak antolatzen ditugu. Irailean hemendik Briviescara (Burgos) joateko asmoa dugu basorik baso. Iaz Euskal Herriko txapelketan ere lehiatu duen. Denetarik izan nuen, baina, oro har, takarrada asko eta garaikur gutxi (barreak).

I.A.: Niri beti gustatu izan zait motorra eta beti eduki izan dut motor bat. Endurokoa da gehien gustatzen zaidana, beti ere lagunekin ibiltzeko. Bizikletan bakarrik entrenatzekoa izan naiz, baina motorrean bakarrik aritzeak ez nau betetzen. Taldean gurago. Ez da abiadura kontua, sentsazioak dira gehiago. Orain urte bi Euskal Herriko txapelketan parte hartu nuen, baina azkenean konpromsioa zen eta hori ez zait gustatzen. Nahiago dut lagunartean eta gustura ibili.  

M.P.: Niri mekanika asko gustatzen zait eta alde horretatik ere asko eskaintzen dit.

G.A.: Nik orain hamar bat urte eduki nuen motor bat, baina pare bat susto izan nituen. “Hau ez da niretzako” pentsatu eta saldu egin nuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!