Binakako finalak lau pilotari gazteren arteko norgehiagoka erakutsiko du: Asier Arteagak (Lasarte-Oria, 18 urte) eta Adur Lasak (Uharte, 21 urte) Anartz Olanoren (Areso, 20 urte) eta Ander Imazen (Oiartzun 20 urte) kontra jokatuko dute. Atzean, Imazek nagusitu behar luke, baina Lasak esperientzia gehiago du, eta oso pilotaria da. Aurrelari biak jotzaileak dira, baina Arteaga trebeagoa da tantoa amaitzerako orduan. Arteagak erakustaldia eskaini zuen finalerdietan. Asegarcek kate motzean lotuta duen pilotariari dena irten zitzaion, eta ohi baino errazago amaitu zuen tantoa. Gainera, sasoian dago GRAVN eta Bergara Hiria txapelketak irabazi ostean. Beraz, badirudi berak eskaini dezakeenaren arabera egingo duela txapelak alde batera edo bestera. Hala ere, Olanok ezker indartsua du, eta Imazek eta biek Lasa atzean zigortzen badute, finalaren nondik norakoa aldatu dezakete.
Aurretik lau t’erdiko finala
Binakakoaren aurretik lau t’erdiko txapela erabakiko dute Xabier Etxebarriak (Uharte, 16 urte) eta Ioritz Egigurenek (Lizartza, 17 urte). Egiguren abilagoa da, eta esperientzia handiago du finalak jokatzen; horregatik, irabazteko faborito ikusten dute adituek. Etxebarria jotzaileagoa da, eta bere estrategia pilota luze erabiltzea izan daiteke.