Biharko Izarrak-en berezitasunetako bat da pilotariek ez dutela bikote finko bat izaten txapelketan zehar. Denek denekin jokatzen dute ligaxkak irauten duen hilabeteetan. Finalari begira ere antzerako zerbait gertatuko da. Finalerdietan irabazle izan diren bikoteek ez dute finala elkarrekin jokatuko. Horrela, atzo arerio izan baziren ere, Arteagak Lasarekin jokatuko du finala eta Olanok Imazekin. Bikote horien artean erabakiko da txapela. Lau t’erdian Etxeberria eta Egiguren neurtuko dira. Finalak ekainaren 5ean, datorren asteko barikuan, 19:30etik aurrera jokatuko dituzte.
Atzo jokatutako finalerdietan Arteagak eta Imazek 22-11 menderatu zituzten Labaka eta Martinez. Arteaga izan zen laukoteko onena eta erakustaldia eskaini zuen. Labaka eta Martinez urduri aritu ziren eta ez zuten euren mailarik onena erakutsi. Bigarren finalerdian Olanok eta Lasak 22-13 irabazi zuten Bakaikoa eta O.Etxebarriaren aurka. Olano indartsu aritu zen eta Lasak ere oso ondo jokatu zuen. Lehenengo finalerdiaren antzera, galtzaileei urduritasunak erasan zien.
Lau t’erdian Etxeberriak 18-9 menderatu zuen Arrizabalaga. Emozio handi bako finalerdia izan zen eta Etxebarriak goitik behera agindu zuen partidu osoan zehar.