Biharko Izarrak txapelketako finalerdiak erabakiko dituzte bihar

Anboto 2015eko maiatzaren 20a

Bihar lehen faseko azken jardunaldia jokatuko dute Mallabian.  Erostarbek, Olanok eta Aitor Etxeberriak tanteo onak behar dituzte finalerdietara sailkatzeko.

Mallabiko Biharko Izarrak pilota txapelketa azken txanpan sartu da. Bihar, 21:00etan, lehen faseko azken jardunaldia jokatuko dute. Lau t’erdian Egiguren eta Aurrekoetxea lehiatuko dira eta binaka partidu bi jokatuko dituzte: Lehenengoan Elordi eta Martinez Arteaga eta Erostarberen aurka lehiatuko dira eta, bigarrenean, Aitor Etxebarria eta Mateo Olano eta Oier Etxebarriaren kontra arituko dira.

Dagoeneko lau pilotari sailkatuta daude finalerdietarako: Oier Etxebarria 17 urteko lemoarra, Joanes Bakaikoa 18 urteko etxarriarra, Peru Labaka 20 urteko zizurkildarra eta Adur Lasa 21 urteko etxarriarra. Bakaikoak eta Etxebarriak elkarrekin jokatuko dute finalerdietan. Lasaren eta Labakaren bikoteak, aldiz, biharko jardunaldian erabakiko dira. Olanok, Aitor Etxebarriak eta Erostarbek sailkatzeko aukerak dituzte. Beraz, partidu horietako tanteoa oso garrantzitsua izango da. Emozioz betetako jardunaldia izango da.

Lau t’erdian finalerdietako partidua jokatuko dute Aurrekoetxea lemoarrak eta Egiguren lizartzarrak. Irabazten duena finalerako sailkatuko da. Egiguren da irabazteko faborito argia.

Maiatzaren 28an binakako finalerdi biak jokatuko dituzte eta baita lau t’erdiko bigarrena ere. Kaiolan Etxebarria uhartearra eta Arrizabalaga ondarrutarra lehiatuko dira. Etxebarria da irabazteko faboritoa.

Finalak ekainaren 5eko barikuan jokatuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!