Mallabiko mendi duatloia Euskal Herriko zirkuituko laugarrena da; ondoren, beste bederatzi faltako dira. Federatuentzat zein federatu gabekoentzat dago zabalik, eta, urtero legez, ibilbide bi aurreikusi dituzte. Ibilbide luzean, lehenengo, korrika arituko dira parte-hartzaileak, eta 3,4 kilometroko zirkuituari itzuli bi emango dizkiote (288 metroko desnibel positiboa); ondoren, hamasei kilometro egingo dituzte bizikletan (670 metroko desnibel positibos); eta, amaitzeko, beste itzuli bat emango diote korrikako zirkuituari. Zirkuitu laburra erosoagoa da: bi kilometro korrika, zortzi bizikletan eta beste bi korrika.
Guztira, 150 bat duatloilarik parte hartuko dute. Gizonetan Julen Larruzea eta Unai Yus dira orain arte indartsuen ibili direnak; emakumeetan garaipena Laura Perezen eta Saioa Oliteren artean egon daiteke.
Gaztetxoen duatloia
Aurreko aldietan legez, gaztetxoen artean zaletasuna bultzatzeko 13 urtera arteko duatloia egingo dute. Proba hasi baino ordu erdi lehenagotik eman daiteke izena.
Ordutegia
15:00 Gaztetxoen duatloia.
15:45 Ibilbide laburra.
16:00 Ibilbide luzea.
19:30 Lumagorri pintxoak.
20:00 Bertso-poteoa.
23:00 Erromeria.