Altunak eta Urruzolak jantzi dute txapela Mallabian

Anboto 2014ko eka. 9a, 14:33
Altuna eta Urruzola txapelak jantzita (Argazkia: @ASPEpelota)
Laster Aspegaz debuta egingo duten Altunak eta Urruzolak irabazi zuten binaka Mallabiko Biharko Izarrak pilota txapelketa. Lau t’erdian Bakaikoak erraz menderatu zuen Labaka.

 

Bariku iluntzean Biharko Izarrak pilota txapelketako finalak jokatu zituzten. Binakako finala ikusgarria izan zen eta Jokin Altunak (Amezketa, 18 urte) eta Xabier Urruzolak (Asteasu, 24 urte) partidu gogor baten ostean lortu zuten txapela Xabier Santxoren (Usurbil, 23 urte) eta Aitor Irustaren (Munitibar, 21 urte) kontra: 22-17. Atzelari biak maila handian ibili ziren, baina Altuna izan zen partiduko izarra; 18 urtegaz etorkizun oparoa izan dezakeela erakutsi zuen eta berari eman zioten pilotaririk onenaren saria. Santxok ez zuen bere egunik onena izan. Irabazle biek Aspe pilota enpresagaz profesionaletan debuta egingo dute laster.

Lau t’erdian  Joanes Bakaikoak uste baino errazago menderatu zuen Eneko Labaka: 22-11. Bakaikoak kaiolan jokatzeko dohai aproposak dituela erakutsi zuen eta dotore mugitu zuen pilota. Labaka zorte handi barik ibili zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!