Altuna eta Urruzola txapelaren bila irtengo dira Mallabian, Aspegaz debuta egin aurretik

Anboto 2014ko ekainaren 6a

Gaur, 19:30ean, Biharko Izarrak Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte Mallabian. Binaka, laster Aspegaz profesionaletan debutatuko duten Jokin Altuna eta Xabier Urruzola, Xabier Santxoren eta Aitor Irustaren kontra lehiatuko dira; lau t’erdian, Joanes Bakaikoa eta Eneko Labaka arituko dira.


Urtero legez, afizionatu mailako pilotari onenek jokatu dute Biharko Izarrak txapelketa, eta horren erakusgarri da finalera heldu den bikote bateko pilotari biek laster Aspegaz debutatuko dutela: Jokin Altunak (Amezketa, 18 urte) astebete barru jokatuko du profesional ibilbideko lehen neurketa, eta Xabier Urruzola (Asteasu, 24 urte) egun berean edo laster izango diren bere herriko jaietan estreinatuko da. Gainera, Aitor Irusta (Munitibar, 21 urte) ere gertugertutik jarraitzen dabiltza Aspe zein Asegarce. Beraz, oro har, profesionaletara saltoa emateko puntuan daudenen arteko finala izango da gaurkoa.


Altuna aurrelari abila da, artista. Oraindik gazte mailako adina duen arren, errematerako jarrera guztiak menderatzen ditu, eta teknikoki pilotaririk osatuenetakoa dela erakutsi du txapelketan zehar. Bere atzelari Urruzolak ibilbide luzea darama afizionatuetan, baina aurten gorakada nabarmena eman du. Horrek Biharko Izarrak txapelketa lehenengo bider jokatzeko aukera eskaini dio, eta bikain aprobetxatu du. Ez da atzelari jotzailea, baina bai langilea eta defentsa handikoa. Parez pare kolpez gehiago den bikotea izango dute. Santxok (Usurbil, 23 urte) eskuma bizia du, eta saketik min egiten du. Irustak ere beso indartsuak ditu, eta asko luzatzen du pilota. Irusta da binakako finaleko bizkaitar bakarra.


Beraz, Santxo eta Irusta jokoa atzean kargatzen eta Urruzola zigortzen saiatuko direla dirudi. Jokamolde horretan asmatzen badute, Altunak adi ibili beharko du, heltzen zaizkion pilota apurrak ahalik egokien aprobetxatzeko.


Bakaikoa eta Labaka kaiolan
Binakakoaren aurretik, lau t’erdiko finala jokatuko dute Joanes Bakaikoak (Etxarri-Aranaz, 17 urte) eta Eneko Labakak (Tolosa, 20 urte). Bakaikoa espezialista da kaiolan, eta teknikoki onenen parean dago. 17 urte besterik ez dituen arren, Asegarcegaz aurreakordio bat sinatuta du. Labaka, ostera, jotzaileagoa da, eta bizi erabiltzen du pilota. Beraz, jokamolde desberdin biren arteko finala ikusteko aukera egongo da lau t’erdiko finalean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!