Santxo-Urruzola eta Altuna-Irusta sailkatu dira Biharko Izarrak txapelketako finalerako

Anboto 2014ko mai. 30a, 14:51

Atzo finalerdiak jokatu zituzten. Finalak ekainaren 6an, 19:30ean, izango dira Mallabiko pilotalekuan.

 

Lehenengo finalerdian Santxok eta Urruzolak 22-10 menderatu zituzten Urbieta eta Erostarbe. Markagailuak erakusten duena baino partidu gogorragoa izan zen: 9-9, 11-9, 15-10, 22-10. Bigarren finalerdia emozioz beteta egon zen; Altunak eta Irustak izerdia sendo botata kanporatu zituzten Arrieta eta Aizpitarte: 22-19. Partidu handia eskaini zuten laurek: 3-3, 5-5, 7-7, 11-8, 15-15, 18-18, 20-18, 22-19. Lau t'erdiko finalerdian Bakaikoak 18-6 irabazi zion Arrizabalagari.

Biharko Izarrak txapelketako 11. aldiko finalak ekainaren 6ko barikuan, 19:30ean, jokatuko dituzte Mallabiko pilotalekuan. Lau t'erdian Bakaikoa eta Labakaren artean dago txapela. Binaka Santxo eta Urruzola eta Altuna eta Irusta neurtuko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!