Itsaso Pradera eta Leire Etxaniz elkar oso ondo hartzen duen bikotea da azken aldian elkarrekin irabazitako txapelketek bistaratzen dutenez. Abenduan Bizkaiko Gomazko Paleta Txapelketa irabazi zuten eta horrek Euskal Herriko kluben artekoan parte hartzeko eskubidea eskaini zien. Txapelketa horretan ere oso sendo aritu dira eta irabazi egin dute. Joan zen zapatuan, Etxarrin (Nafarroa) jokatutako finalean 30-20 menderatu zuten Lizarrako San Miguel pilota elkarteko bikotea.
Orain, Tornosolo ordezkatzeari utzi egingo diote aldi baterako, baina bikote izaten jarraituko dute eta Euskal Herriko Irekian elkarrekin ariko dira. Txapelketa hori irabazi eta bata bestearen atzetik hirugarren txapela soineratzeko faboritoen artean daude.