Rheydek lanaldi murrizketa eskatzearren langile bat kaleratu duela dio CCOOk

Anboto 2014ko urt. 23a, 13:43
Goitondo industrialdeko Rheyde Lanabesak S.L. enpresak urtarrilaren 14an langile bat kaleratu zuela jakinarazi du CCOOk. Sindikatuak dioenez, langileak egun horretan bertan lanaldi murrizketa eskatu zuen, semea zaintzeko. Elkarretaratzera deitu dute gaur, arratsaldeko 16:00etan, enpresaren aurrean. Behargina sindikatu horretako delegatu ohia da.

 

Sindikatuak azaldu du, lanaldi murrizketa eskatu aurretik, hogei urtez lanaldi etenean (goiz eta arratsaldez) jardun eta gero, erreleboetara lan egin behar zuela jakinarazi ziola enpresak. Lanaldi aldaketaren aurrean beharginak murrizketa eskatu zuen “ordutegi berri horrekin ezin dituelako bere semearen beharrizanak bete”. Beharginak eskaera egin zuen goiz berean jakinarazi ei zioten kaleratzea.

Enpresaren erantzuna

Rheydeko zuzendaritzak kaleratzearen inguruan duen iritziaren berri eman du. Enpresak lehiakortasun irizpideengatik  lan sistema lanaldi etenetik erreleboetara pasatu duela adierazi du. “Lantalde osoa pasatu da erreleboetara, eta ez langile hori bakarrik”. Gaineratu dutenez, aldaketaren aurka “legitimitate osoz” zegoen langile bakarra kaleratutakoa izan da. Enpresak dioenez, aldaketa hau dela-eta, langilea zuzendaritzara “mehatxuzko jarreragaz” zuzendu zen. Gertaera horren ondorioz, enpresak zigor espedientea zabaldu ziola eta kaleratzea erabaki zuela azaldu du.  

Kaleratu eta bi egunera, langileak, burofax baten bidez, murrizketa eskatu zuela jakitera eman du zuzendaritzak, “ezarritako zigorrari aurre egiteko helburu argiagaz”.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!