“Laguntza handia izan dugu; batzuek 150 izenetik gora eman dizkigute”

Anboto 2013ko abe. 22a, 08:57

Trabakua lehenago Arrangizgaina zen, baina atera kontuak, handik beheratxoago, Eltzubin, taberna zegoela Arrangizgainan baino lehenago. Bertan taberna zabaldu zutenean heldu zen konpetentzia, Eltzubikoentzat traban zegoen hura. Hortik ei dator Trabakua leku izena. Pello Mugartzak eta Justo Azagirrek Trabakuan bertan kontatu dituzte Mallabiko leku izenen nondik norakoak. Ia urte biko lanaren ostean, herriko mapa toponimikoa osatu dute

Trabakua lehenago Arrangizgaina zen, baina atera kontuak, handik beheratxoago, Eltzubin, taberna zegoela Arrangizgainan baino lehenago. Bertan taberna zabaldu zutenean heldu zen konpetentzia, Eltzubikoentzat traban zegoen hura. Hortik ei dator Trabakua leku izena. Pello Mugartzak eta Justo Azagirrek Trabakuan bertan kontatu dituzte Mallabiko leku izenen nondik norakoak. Ia urte biko lanaren ostean, herriko mapa toponimikoa osatu dute.

 

 

Gustora zaudete egindako lanarekin?

Pello Mugartza: Bai, eta batez ere jendearen erantzuna oso ona izan delako. Hasieran batzuek zera pentsatzen zuten: “Hauek zer gura ote dute? Zertara ote datoz?”. Baina zer gura genuen jakin eta gero, laguntzeko prest agertu dira.

Justo Azagirre: Batzuek, gainera, eurengana ea zergatik ez garen joan galdetu digute. Bada, euren etxeko eta inguruko izenak beste batek eman dizkigulako. Baserritarrek ez dakite bakarrik bere baserriaren izena; inguruko eta auzoko izen asko dakizkite. Azkenean 108 herritarrekin egon gara, eta 3.000 izen lortzeko, bakoitzak asko eman behar izan du. Batek berrehun izen inguru ere eman dizkigu.

 

Elkarrizketa txikiak egin dituzue, edo zelan izan da datu bilketa?

J.A.: Bakarka baino, normalean hiru-lau pertsonako taldeekin batu gara, eta kolaborazio oso ona egon da euren artean.

P.M.: Mapagaz joaten ginen, eta han agertzen ziren partzela bakoitzaren izena, eta norena zen komentatzen ziguten.

J.A.: Euren artean eztabaidatxoak ere sortu dira. Norbaitek “hori ez dok holan” esanez gero, orduantxe hasten zen eztabaida. Baina ona, e? Oso aberatsa izan da lana.

 

Artxibo eta dokumentu zaharretara ere jo duzue?

J.A.: Guk izenak batzen genituen, eta Pellok etxera eroan, ordenatu, ordenagailuan sartu eta zuzendu egiten zituen.

P.M.: Baten batzuek eskriturak ekarri dizkigute, baina izenik gehienak entzundakoak dira, memorian gorde diren izenak.

J.A.: Euskaltzaindiko Mikel Gorritxategik egin du euskara batura pasatzeko lana. Artxiboetan ikusi du guk batutako izenak zelan dauden, eta batuko formak zehaztu ditu. Horiek dira mapan agertzen direnak.

 

Izenen atzean herriko historiaren zati batzuk ere jasoko zenituzten...

P.M.: Izen berezi batzuk badaude. Zengotitan, ermita ondoan, lursail bat dago, Urrearria deitzen dena. Kontatzen dute han, behin, urrea gorde zutela, piratek, edo ez dakit zeinek, eta bila ere ibili zirela batzuk. Itxuraz ez zen inoiz agertu. Beste izen kurioso bat Demandabaso da.

J.A.: Hor borroka batzuk egongo ziren, lursailen mugengatik edo...

P.M.: Beharra egiteko leku gaitzek ere badaukate izen berezia. Idekatx, aldapa handiko lekua da eta idiekin ibiltzea gaitza izango zen. Edo Izerdi... Han ere ez zen erraza izango behar egitea.

J.A.: Izerdi, gainera, eguzki-begi bat da.

P.M.: Edo Litrobaso. Itxuraz basoa erretzeko beharretan litro bat ardoren truke ibili zen kuadrilla bat. Bestetik, Gerean, Justoren familiakoa den baso batek Paris du izena.

J.A.: Bai, horrela da, eta ez dakigu zergatik. Paris da, eta Gerean denek horrela esaten diote. Zelan zen bestea, Txizontzia? Erreka txiki bat dago bertan, jaioberria.

P.M.: Eurek esaten zuten, beharbada, ganadua egongo zela, eta bertan ere egiten zutela txiza.

 

Kultur etxean egin zenuten aurkezpenera jende asko gerturatu zen?

J.A.: Sekula baino gehiago. 58 bat lagun edo batu ginen.

P.M.: Eskerrak ez zela jende gehiago etorri, ez zen sartuko eta! Lekua txikia da, eta justu- justu sartu ginen.

 

Jendeari arraro egingo zaio, agian, izenak euskara batuan irakurtzea.

J.A.: Ikusiko dugu. Orain, Gabonetan, etxez etxe banatuko da mapa toponimikoa, eta orduantxe ikusiko dute gure lana. Herritarrek ikusita, akats batzuk daudela esango digute, agian. Akatsak egongo dira, baina egindakoa hor geldituko da. Atzetik datorrenak oinarri bat edukiko du, behintzat. Gauzak txarto badaude, aldatuko ditu.

 

Azkenean horrelako lanekin balioa ematen zaie herriko berba eta izenei.

P.M.: Bai, eta uste dut jendeak estimatzen duela beregana joatea eta esatea: “Zeuk badakizu, eta esplikatu”. Askok pentsatzen dute: “Nik zer jakingo dut, bada!”. Pentsamendu hori badago. Batzuek 150 izenetik gora esan dizkigute. Hori berrogei urtetik beherako batek ez daki. Hamar izen inguru jakingo ditu baserrian bizi denak.

 

Materialagaz libururen bat ateratzeko asmoa-edo badaukazue?

P.M.: Momentuz ez. Gure artean komentatu izan dugu, komeniko litzatekeela Berrizen baserriekin egin duten antzeko liburu bat egitea. Orain antzinako tresnen kontuarekin gabiltza.

 

Zertan zabiltzate, bada?

P.M.: Oraingoz hasi baino ez gara egin. Hor Trabakua behekoan, Enrike Mugarzak antzinako tresnen bilduma bat dauka, eta han hasi dugu lana. Orain ehun urteko fonografoak eta lehengo erremintak dauzka berak. Museo ederra da. Tresna zaharrak eta euren izenak batu gura ditugu, eta Mallabiko baserrietatik ibili gura dugu tresna horien argazkiak ateratzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!