Itsaso Pradera irabazle Munduko Pilota Biltzarrak antolatutako txapelketan

Anboto 2013ko aza. 12a, 10:03
Lis Garcia argentinarragaz bikotea osatuz, 30-23 menderatu zituzten Martin eta Isasmendi Gasteizen, joan zen zapatuko finalean

Lis Garcia argentinarragaz bikotea osatuz, 30-23 menderatu zituzten Martin eta Isasmendi Gasteizen, joan zen zapatuko finalean.

 

Gasteizko Txukun Lakua pilotalekura batu ziren zaleek final gogor, lehiatu eta entretenigarriagaz gozatu zuten zapatuan. Aurretik, ligaxka fasean, elkarren kontra jokatuak ziren bikote bi izan ziren aurrez aurre: Itsaso Pradera mallabiarra eta Lis Garcia argentinarra, Nagore Martin eta Ane Isasmendi arabarren aurka. Ligaxkako partiduan arabarrak nagusitu ziren, baina finalean ikasgaia ondo ikasita kantxaratu ziren Pradera eta Garcia. Mallabiarrak ausart eta erasokor jokatu zuen, atzelariari asko lagunduz eta defentsan ere pilota zail asko eramanez. Garcia, aldiz, oso seguru aritu zen. Argentinarrak kasta handia erakutsi zuen eta une batzuetan akituta egonagatik segi eta segi egin zuen.

 

Hasieran arabarrek aurrea hartu zuten (3-9), baina partidu erditik aurrera batzuek gora eta besteek behera egin zuten. Isasmendi nekatu egin zen eta Martin ere ezinean aritu zen azken txanpan. Azkenean, 70 minutuko final ederraren ostean Praderak eta Garciak irabazi zuten Munduko Pilota Batzarrak antolatutako txapelketa.

 

Finalaren aurretik hirugarren eta laugarren postuak erabaki zituzten. Partidu horretan Miren Goikoetxeak eta Laura Saezek 30-25 irabazi zieten Irini Podversich eta Leire Etxanizi.

 

\"\"

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!