"Krisiarekin, agian, lehengo joku sinpleek arrakasta eduki dezakete"

Anboto 2013ko urr. 20a, 08:40
Mallabian jaiak badira, edo azokaren bat, dantza emanaldia edo triatloia badago, ez da urruti ibiliko Valentin Mugarza, argazki kamera eskuetan. Urriko jaietan iaz igelaren jokoa antolatu zuen, eta aurten aspaldiko beste euskal joko bat prestatuko du: toka. Igelaren jokoaren antzekoa da. Kaxa itxurako batean burdinezko xafla bat dago, eta fitxak eskutan, punteria ona behar du jokalariak burdina zatia jotzeko

Mallabian jaiak badira, edo azokaren bat, dantza emanaldia edo triatloia badago, ez da urruti ibiliko Valentin Mugarza, argazki kamera eskuetan. Urriko jaietan iaz igelaren jokoa antolatu zuen, eta aurten aspaldiko beste euskal joko bat prestatuko du: toka. Igelaren jokoaren antzekoa da. Kaxa itxurako batean burdinezko xafla bat dago, eta fitxak eskutan, punteria ona behar du jokalariak burdina zatia jotzeko.

 

Zergatik aukeratu duzu Toka jolasa?

Lehengo urteko jaietan, igelaren jokoa antolatu genuen, eta toka jokoa ere ezagutzen nuen lehenagotik. Egiteko oso erraza denez, hori prestatzea pentsatu genuen. Mallabian nik ez dut ezagutu, baina herriren batean edo bestean ikusi dut, eta Idiazabalgo auzo batean gogoratzen dut parte hartu nuela. Herri askotan leku finko batean egon izan da jarrita, elizaren alboan-eta.

 

Materiala erraz lortu duzu?

Interneten gutxi gorabeherako neurri batzuk jartzen ditu, ez da zehatz-zehatza. Fitxak jaurtitzeko distantzia ere ez da ziurra. Batak eta besteak lagunduta, erraz lortu dut. Batek egurrak eman dizkit, beste batek burdina apurtu du bere tailerrean, fitxak beste nonbaitetik lortu... Azkenean inon erosi beharrik barik lortu dut materiala.

 

Lehengo jokuak urtero berreskuratzeko asmoa daukazu?

Ez. Berez hau nahiko kasualitatez irten den zerbait da. Iaz burdindegi batean erosi genituen igelaren jokuko piezak, eta koinatuarekin batera antolatu nuen. Aurtengo jokua ere erraza da lortzeko eta egiteko. Beste joku batzuk gaitzagoak dira lortzeko, laiekin lasterketak egitea, adibidez. Horretarako laiak behar dira. Hala ere, pote batzuekin eta soka batzuekin egin daiteke. Gurpil bat burdina batekin ere eroaten zuten lehen... Orain krisiarekin agian horrelako joku sinple eta merkeek arrakasta eduki dezakete.

 

Xumeak izan arren, jendea erakartzen duten jokoak dira?

Iaz oso eguraldi txarra egin zuen, eta elizpean, nahiko leku apartean kokatu ginen, eta, hala ere, jolastu egin genuen. Ez zuen jende askok parte hartu, baina girotxoa sortu zen, apustu txikiak-eta egin ziren.

 

Urriko jaietan, toka antolatzen bai, baina argazkiak ateratzen ere ibiliko zara.

Egia esan, herrian ekintzak daudenean beti ibiltzen naiz argazkiak ateratzen. Joaten naizen lekuetara kamara eroatea gustatzen zait.

 

Argazkiak ateratzeko zelako ekintzak gustatzen zaizkizu?

Festak, azokak, dantzarien saioak, azken urteetan duatloiak ere bai... Bi urtean argazki lehiaketa ere egin da, eta parte hartu dut. Batez ere, jendeak prestatzen dituen ekintzak gustatzen zaizkit. Kuadrilak-eta juergan animatzen dira, eta argazkiak ateratzeko eskatzen didate.

 

Argazki zaharrak ere batzen dituzu.

Bai. Drogetenitturri aldizkarikoei orain dela zazpi-zortzi urte proposatu nien argazki zaharren atala berreskuratzea, eta orain hilabetero argazki bat jartzen dut. Lana eskatzen dizu, jendearekin egon behar duzu argazkiak eta informazioa batzeko. Batez ere, jendearen argazkiak dira, eta batari eta besteari galdetzen ibili behar duzu nortzuk agertzen diren, noizkoa den... Garrantzisua da jakitea nortzuk agertzen diren. Azkenean, argazki zaharrak dira, eta informazio hori ez bada batzen, galdu egiten da. Balio handia daukate argazki horiek. Herriko historia dago beraietan islatuta, eta anekdota asko kontatzen dizkidate beti.

 

Eskean ibiltzen zara, edo zugana jotzen dute argazkiak emateko?

Batzuei agian lotsa ematen die, pentsatzen dute euren argazkiak ez direla politak edo ez daukatela baliorik. Beste batzuk bai, etortzen dira nigana. Gaur bertan emakume batek esan dit antzinako argazkiak dauzkala, San Kristobalera joan ziren batekoak. Pentsatzen dut jendeari, orokorrean, argazki zaharren kontua gustatu egiten zaiola. Herrikoak badira, gutxi gorabehera ezagutzen dituzu, eta horregatik ahal den informazio guztia batu gura izaten dut. Baina, askotan ez da erraza. Orain 85 pertsonarekin osatutako argazki bat daukat, horrelakoetan, azkenean, jende askogaz egon behar duzu ahalik eta informazio gehien edukitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!