"Egunetik egunera ortua hazten ikustea liluragarria da"

Anboto 2013ko uzt. 20a, 09:31
Igone Amesti eta Koldo Zabala mallabiarrak eguraldiari eta zerura begira lehen baino sarriago dabiltza orain. Euren bikotekideek bultzatuta, ortu ekologikoetan lursailtxoa hartu zuten maiatzean. Badabiltza apurka-apurka barazkiak hazten...

Igone Amesti eta Koldo Zabala mallabiarrak eguraldiari eta zerura begira lehen baino sarriago dabiltza orain. Euren bikotekideek bultzatuta, ortu ekologikoetan lursailtxoa hartu zuten maiatzean. Badabiltza apurka-apurka barazkiak hazten...

 

Jaso duzue lehen fruiturik?

Koldo Zabala: Oraindik ez. Gu berandu hasi ginen landatzen. Nahiko berezia da gure egoera, orain bertan, ume bat eduki dugu eta gurekin ortua daukan bikoteak ere bi ume dauzka. Berandu ibili gara, ekain hasieran ekin genion landatzeari.

 

Igone Amesti: Nik oraindino ez dut ezer hartu, baina hasi dira irteten. Azelgak jada jateko moduan daude, tomateak hasi zaizkit, piper txorizeroak ere bai, kalabazin batzuk ere... Oraingoa momentu polita da.

 

Zelan animatu zineten ortua hartzera?

K. Z.: Guk, bikote biren artean hartu dugu. Neskek nahi zuten, eta eurak hasi ziren mugitzen. Herri bizitza egiteko modu bat da; kanpoan lan egiten dugu, eta normalean kanpoan gaude. Nire bikotekideari beti gustatu izan zaio ortuarena, eta gainera biologia ikasi dugu, eta gauza hauek guztiak gustatzen zaizkigu.

I. A.: Gu ere bikotekideak nahi zuelako sartu ginen. Ni baserrikoa naiz, eta gurasoei eskatuta hartzen nituen letxugak, piperrak eta dena, beharrik egin barik. Ez nuen beharrizanik ikusten. Mutil-lagunak gura zuen, eta niri ere gustatzen zait, gustura nabil. Denbora eskaini behar zaio, baina gustura.

 

Noiz hartzen duzue tartea ortura joateko?

I.A.: Bi egunik behin etortzen naiz. Ez bada ureztatzera, zelan dauden ikustera, eta gero belarrak kentzera... Kurioso mantentzen saiatzen naiz. Egunero etorriko banintz, seguru hobeto egongo zela. Aitak esaten dit, “egunean bi ordu, egunean bi ordu”. Ahal dudanean egiten dut.

K.Z.: Ni batzuetan 21:30ean etortzen naiz, beste batzuetan goizeko 06:30ean, lanera joan aurretik... Ahal dudanean.

I. A.: Hasi ginenean, landatzeko eta ereiteko sasoian, gehiago antolatzen genuen denbora, “bihar joan behar dut porruak sartu behar ditudalako; bihar tomateei abonua bota behar diet...”. Orain, dena sartuta daukat eta mantentzea da kontua.

 

Askotan elkartzen zarete ortu lagunekin?

I.A.: Asteburuetan, eta batez ere halako sargori eta bero egunetan asko agertzen gara 20:00etatik aurrera. Giro ona daukagu. Elkar ikusten dugunean ere beti gabiltza ortuari buruz berba egiten.

K. Z.: Bai, beti galdetzen, eta besteek egin dutena ikusten. Ni adibidez, Donostiatik etorri naiz, eta ez naiz ortuetan inoiz ibili. Besteena ikusten eta galdezka ibiltzen naiz, neuk ere ikasteko.

 

Arazorik eduki duzue?

I.A.: Niri satorra sartu zitzaidan ortua prestatzen nenbilela, eta Koldorengana-eta ere joan da... Gero bake apur bat eman dit, eta orain berriro hasi da gerran. Arazo handiena bareekin eduki dut. Egunetik egunera letxugak desagertu egiten zitzaizkidan. Kafea bota dut partzela inguruan, eta pare bat pote ipini nituen garagardoagaz... Eta funtzionatu du. Lortu dut geratzen zaizkidan letxugak salbatzea.

 

Udaberrian euri asko egin izanak eragingo zuen ortuan?

I.A.: Nik igarri dut. Landareak sartu ostean euri asko egin du... Ortua azken bi asteetan hobetu zait.

K.Z.: Guk arazorik ez dugu eduki. Berandu hasi ginenlandatzen, eta ordutik hona ez du euririk egin.

 

Hogei lursailetik hamasei daude hartuta Mallazpin.

I. A.: Nik pentsatzen nuen jende gehiago animatuko zela. Proiektu polita da eta herrian bertan dago sortua. Herriguneko jende gehiago espero nuen.

K. Z.: Kasu askotan, agian zuri gertatu zaizuna [Igoneri zuzenduta] pasako da, gurasoek baserria eduki eta bertako produktuak hartzeko aukera daukala jendeak, eta horregatik ez da sartu.

 

Baina zu orain gustura, ezta, Igone?

I.A.: Bai, gustatzen zait. Baina lehen esaten nuen, “merezi du?”. Lehen, telefono dei batekin konponduta neukan!

K. Z.: Kontua ez da merezi edo ez merezi. Da hona etorri, eta norberak ereindako tomatea etxera eroan ahal izatea...

I. A.: Eta ikustea egunetik egunera zelan doan. Ni zoratuta nabil asteon tomateak irten zaizkidala, kalabazinak zelan hasi diren, eta piper txorizeroak... Liluratuta nago.

 

Lehenengo batzen duzuena gustura jango duzue!

K. Z.: Bai, zer edo zer ateratzen bada... Bareek-eta ez badizkigute lehenago jaten...

I. A.: Ea euririk ez duen egiten, bestela, salduta nago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!