Espainiako Autokros Txapelketa ondo bideratuta utzi du Urangak

Anboto 2013ko uzt. 16a, 08:54
Asteburuan Coruñan izandako lasterketa irabazi (II. Mailan) eta lidertza sendotu du. Lasterketa bi falta dira txapelketa amaitzeko. Abuztuko azken aurrekoan, berriro Galizian, bere mailako irabazle geratu daiteke

Asteburuan Coruñan izandako lasterketa irabazi (II. Mailan) eta lidertza sendotu du. Lasterketa bi falta dira txapelketa amaitzeko. Abuztuko azken aurrekoan, berriro Galizian, bere mailako irabazle geratu daiteke.

 

Ondo bideratuta duen txapelketa errematatzea falta zaio Arkaitz Urangari. Lasterketa biren faltan 33 puntuko aldea ateratzen dio Celestino Iglesias bigarren sailkatuari. Abuztuan Arteixon jokatuko den hurrengo lasterketan laugarren postu batekin ere nahikoa izan daiteke garaikurra jasotzeko.

 

Joandako asteburuan Galiziako Carballo herriko zirkuituan lehiatu zuen. Aurretik autoari abiadura-aldagailu berria ipini behar izan ziotenez, zer errendimendu eskainiko zuen dudekin hasi zituzten entrenamendu saioak. Dudak berehala  desegin ziren. Entrenamenduetan segundo bateko aldea atera zien aurkariei, normalean denak hiru ehunenekoren barruan egoten direnean. Final laurdenak, finalerdiak eta finala nahiko erraz irabazi eta asteburu borobila osatu zuen Urangak. Antolatzaileen lana azpimarratu du: “Galizian lasterketa bakoitzaren aurretik beti busten dute zirkuitua eta ez batzutan bakarrik Katalunian lez. Pilotu denak berdin tratatzen dituzte eta hori eskertzekoa da.”

 

Hurrengo lasterketa abuztuan izango da Galizian, Arteixoko zirkuituan. Espainiako autokros lasterketen artean berezienetakoa dela adierazi du Urangak: “Hainbat harmaila ipintzen dituzte eta jende asko batzen da. Irabazle denek bere eskua mural batean hilezkortzen dute. Lasterketa hori irabazteak prestigio berezia du”. Beraz, txapelketako zirkuitu denetatik baliotsuenean Espainiako Autokros Txapelketa (II. Mailan) irabazi dezake Urangak. Era berean, maila absolutuan hirugarren tokian dago eta sailkapen hori azkenera arte lehiatzea ere badu helburu. Joan zen urtean abiagailua hondatu zitzaion Arteixoko lasterketa hasi aurretxoan eta ezin izan zuen lehiatu. Arantza txiki hori ateratzen saiatuko da.

 

Galiziako lasterketa une bat:

 

\"\"

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!