Laino beltzetik zeru urdinera aldatu da Mallabiaren egoera

Anboto 2013ko uzt. 1a, 08:32
Hirugarren Mailako taldeari eutsi eta talde berriak sortuko dituzte

Hirugarren Mailako taldeari eutsi eta talde berriak sortuko dituzte.

 

\"\"

 

Ezinezko zirudiena egia bihurtu da. Mallabia areto futbol taldeak Hirugarren Mailan jokatzeari uko egin zion, ezin zutelako aurrekonturik batu eta Bigarren Erregionalean hastekotan ziren datorren denboraldia. Laino beltzak, ordea, desagertu egin dira eta zerumuga urdin ageri zaio orain. Hirugarren Mailako taldeari eutsi egingo diote, eta, Bigarren Erregionaleko eta kadete mailako talde bana sortuko dituzte. Hau da, talde nagusiari eutsi eta behetik gorako egitura bat sortzea lortuko dute.

 

Mirariak izen biren bueltan gauzatu dira: Geronimo Ugarte eta Ibai Urien. Iaz Sasikoako entrenatzaile izan zen Ugartek eta Urien jokalariak taldea utzi zuten denboraldia amaitu aurretik. Zuzendaritzagaz izandako desadostasun batzuengatik gertatu zen.

 

Orduan, Mallabiko areto futbol taldeko presidente Juan Carlos Perezegaz batu eta proposamena luzatu zioten: “Hirugarren Mailako taldearen kargu egingo zirela esan zidaten eta beharrezko aurrekontua batzeko prest zeudela. Hainbesteko gogoa eta ilusioa erakutsi zuten ze, baiezkoa eman genien”, gogoratu du Perezek. Hirugarren Mailako taldeak 11.000 euroko aurrekontua behar du, eta gehiena batuta dute. Jokalariek eurek ere dirua ipiniko dute laguntza moduan: “Jokalarien euren ideia izan da”. Horrez gainera, urteroko ekintzetan ahaleginak bibidertu egin beharko dituztela aitortu du Perezek 2014an egitura osoari eutsi gura badiote. Iaz Mallabian jokatu zuten jokalariei, Sasikoatik etorriko bost-sei jokalari batu zaizkie talde nagusian.

 

Orain urte bi gazteen taldea zuen Mallabiak, baina iaz ezin izan zuten atera, diru faltagatik. Aurten, besteak beste, jokalari horiekin Bigarren Erregionaleko taldea ere osatuko dute. Horrez gainera, kadete talde berri bat aterako dute: oraingoz 8 jokalari dituzte eta gehiagoren bila dabiltza

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!