Jaka eta Rezustak finala jokatuko dute Mallabian, Aspegaz debutatu aurretik

Anboto 2013ko eka. 14a, 12:15
Gaur, 19:45ean, Biharko Izarrak Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte lau t’erdian eta binaka

Gaur, 19:45ean, Biharko Izarrak Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte lau t’erdian eta binaka.

 

Biharko Izarrak txapelketak hamargarren aldia du aurtengoa. Urteurrena ospatzeko, ez dute ekitaldi berezirik prestatu, baliabide ekonomikoak urriak direlako. Ikuskizuna eta ospakizuna pilotariek ipini beharko dute gaur, 19:45etik aurrera jokatuko dituzten finaletan. Eta finala nortzuk jokatuko duten ikusita, pilotariek eurek eskaini diezaiokete txapelketari omenaldirik onena.

 

Binakako finalean, ekainaren 24an Aspe enpresagaz Eibarko Astelenan debutatuko duten Jaka eta Rezusta aurrez aurre ikusteko aukera egongo da. Eric Jaka lizartzarrak Kerman Galarza galdakoztarra izango du bizkartzain, eta Beñat Rezusta bergararrak Xabier Urbieta asteasuarragaz osatuko du bikotea. Final orekatua espero da. Jaka sasoian dago. Eskuina den arren, finalerdian ezker bolea arriskutsua eta bizia duela erakutsi zuen, eta gantxoz ere tanto bat baino gehiago amaitu zuen.

 

Ez dira askotan ikusten atzelari ezkerrak, eta Rezusta da horietako bat. Jotzailea da, eta atzean agindu egin behar luke.

 

Elordi mallabitarra finalean

Binakakoaren aurretik lau t’erdiko finala jokatuko dute. Aitor Elordi mallabitarra da protagonistetako bat. Txapelketa handia osatu eta merezimenduz heldu da finalera. Gernikagaz jokatzen duen Aitor Etxebarria ere jokoan dago. Biek eurena ematen badute, partidu orekatua eta borrokatua eskainiko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!