Aspegaz debutatu aurretik, Mallabiko finala jokatuko dute Jakak eta Rezustak

Anboto 2013ko eka. 7a, 13:03

Atzo Biharko Izarrak pilota txapelketako finalak erabaki zituzten. Lau t\'erdikoa Elordik eta Etxebarriak jokatuko dute; binakakoa Jaka-Galarzak eta Urbieta-Rezustak.

Atzo Biharko Izarrak pilota txapelketako finalak erabaki zituzten. Lau t\'erdikoa Elordik eta Etxebarriak jokatuko dute; binakakoa Jaka-Galarzak eta Urbieta-Rezustak.

 

Lau t’erdiko finalaurrekoan Elordi mallabitarra sailkatu zen finalerako Olano 22-15 menderatuta. Urduri hasi eta apurka-apurka asentatzen joan zen Elordi. Olano joko bizia ezartzen saiatu zen hasieratik eta partidu erdira arte lanak eman zizkion mallabitarrari (10-8). Partiduaren bigarren erdian Elordik garbi agindu zuen, armarik onena eskuin bolea indartsua zuela.

 

Binakako lehen finalaurrekoa Jakak eta Rezustak irabazi zuten. Batak zein besteak Aspe enpresagaz profesionaletan debutatuko dute ekainaren 24an, Eibarko Astelenan. Beñat Rezusta (Bergara, 20 urte) atzelari ezkerra jotzailea da, oso bizi erabiltzen du pilota. Eskuinez ere ondo moldatu zen, baina aurkariek ez zuten larregi behartu: eskuinez sei koadrotik aurrera jo zituen pilotakadarik gehienak eta Jakak asko lagundu zion zabalera zihoazen pilotekin. Erik Jakak (Lizartza, 19 urte)  ere oso itxura ona eskaini zuen. Bi esku dotore ditu, langilea da eta azkar mugitzen da kantxan. Ikusleak gehien harritu zituena bere ezker bolea izan zen. Eskuina den arren, Sebastian Gonzalezen antzera, ezker bolea askotan eta oso bizi erabiltzen du pilota zabalera zein txokora bidaliz. Gainera, ezker gantxoz ere pare bat tanto dotore egin zituen.

 

Aizpururi eta Doronsorori ezin dakieke ezer aurpegiratu. Aizpuruari lan zikina egitea egokitu zitzaion eta pilota asko bueltatu zituen atzeko koadroetatik. Doronsoro salduta ibili zen partiduko zatirik handienean. Hala ere, aukera izan zuenean bizi erabili zuen pilota eta asko saiatu zen aurrean. Azkenean 22-15 irabazi zuten Jakak eta Rezustak. Urdinei alderdi fisikoak ahalbidetu zien arte partidu orekatua jokatu zuten (10-7 / 13-9), baina gorriek tantoa oso erraz menderatzen zutenez, ikusten zen partidua edozein momentutan apurtu zitekeela.

 

Bigarren finalaurrekoan Urbietak eta Galarzak 22-11 menderatu zituzten Urretabizkaia eta Etxamendi. Partidu erdira arte emozioa izan zen (11-8). Handik aurrera, oso gutxi, faboritoak ia zuzenan joan zirelako 22ra.

 

Biharko Izarrak txapelketako hamargarren aldiko finalak ekainaren 14an, 19:45ean jokatuko dituzte Mallabiko pilotalekuan. Lau t’erdiko finala Elordik eta Etxeberriak jokatuko dute; binakakoa Jaka-Galarzak eta Urbieta-Rezustak. Gogoratu behar da, Mallabiko txapelketan bikoteak ez direla finkoak izaten. Pilotariak multzo bitan banatu eta multzo bakoitzeko aurrelariek atzelari denekin osatzen dute bikotea. Partidurik gehien irabazi dituzten aurrelariak eta atzelariak sailkatzen dira finalerako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!