Asteburu konplikatuan lidertza sendotzea lortu du Arkaitz Urangak

Anboto 2013ko api. 17a, 08:28

Gorabeheraz betetako lasterketan Urangak hirugarren amaitzea lortu du Lleidan. Bere arerio nagusia den David Urbanek erretiratu egin behar izan du.

Gorabeheraz betetako  lasterketan Urangak hirugarren amaitzea lortu du Lleidan. Bere arerio nagusia den David Urbanek erretiratu egin behar izan du.

 

Zenbakiei bakarrik erreparatuta, Arkaitz Uranga pozik egoteko moduan dago. Espainiako Autokros Txapelketako bigarren lasterketa hirugarren amaitu du eta 15 puntu baliotsu batu ditu. Gainera, David Urbanek ez zuen finala lehiatu. Baina hala ere, asteburuko jardunak zapore gazi-gozoa utzi dio: “Finaleko eta finalerdietako itzuli azkarrenak eginda, etekin handiagoa atera nezakeenaren sentzazioa geratu zait. Dena dela, emaitza ondo baloratzen dut, Urbani lasterketa lehiatu aurretik baino alde handiagoa ateratzen diodalako”.

 

Zapatuko lehen txandan denbora onena egin zuen, alde handiagaz gainera. Bigarren txanda bitan banatu zuten pilaketak ekiditeko. Lehenengo saioan irten zen Uranga eta ez zekien zirkuituak sorpresa desatsegin bat gorderik ziola. Normalean zirkuituak sektoreka busten dituzte, hautsa kentzeko. Bigarren sektorea bustita zegoen, baina hirugarrenaren hasiera ez. Beraz, logikoki, sektore osoa ziku egongo zela pentsatu zuen. Azkenengo bihurgunean ohartu zen ez zela horrela. Bihurgune irteera bustita zegoen. Uranga abiada bizian sartu zen bihurgunean eta halaxe irtetea zuen helburu. Zirkuitua bustita zegoela ohartu zenerako berandu zen eta, kontrola galduta, autoari kolpe handia eman zion. David Urban burgostarrak ere toki berean izan zuen istripua, ondorio larriagoekin: lasterketa utzi behar izan zuen.

 

Bigarren txandakoei ez zieten zirkuitua busti. Tartean etxeko jende asko (kataluniarrak eta horietako batzuk antolakuntzakoak) egoteak zerikusirik izan ahal zuen erabaki horretan? Urangak galdera hori egiten dio bere buruari. Bigarren txandakoak izan ziren denborarik onenak egi zituztenak, kataluniarrenak gehienak. Dena dela, hori eta beste detaile arraro batzuk ikusi zituen arren, “aurreko urteetako esperientzia ere bagenuen eta ez dut aitzakia moduan erabali nahi”. Gainera, pilotu katalanak “oso onak” direla azpimarratu du.

 

Kontuak kontu, autoa konpondu ondoren, nahi baino atzerago ekin zion lehen finalerdiari eta hirugarren amaitu zuen. Bigarren finalerdian bigarren irten zen eta bere limitean zihoala, gidatze huts bat egin eta zirkuitutik irten zen. Itzultzea lortu zuen, baina laugarren amaitu zuen. Horrela, bigarren lerrotik ekin zion finalari eta azkenean hirugarren sailkatu eta podiumera igotzea lortu zuen.

Txapelketa hurrengo lasterketa uztailaren 1ean izango da Lleidan bertan, baina beste zirkuitu batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!