"Sermond's-en zuzeneko esentzia izango du gaurko kontzertuak"

Anboto 2013ko api. 6a, 08:16

Koldo Zubia, Jon Aramendi, Iñigo Larringan eta Egoitz Etxebarria dira Sermond\'s. Lehen hirurek egin digute Bidegurutzean bigarren diskoaz berba. Elorrioko Gaztetxean joko dituzte kanta berriak, gaur

Koldo Zubia, Jon Aramendi, Iñigo Larringan eta Egoitz Etxebarria dira Sermond\'s. Lehen hirurek egin digute Bidegurutzean bigarren diskoaz berba. Elorrioko Gaztetxean joko dituzte kanta berriak, gaur.

 

Kalean dago jada diskoa?

Koldo Zubia: Prest dago jada diskoa, bai! Bost euroan ipini dugu diskoa Durangoko Arkarazo eta Herriko tabernan, Elorrioko Portalekuan, Zaldibarko Talkan, eta Abadiñoko Larranon salgai.

Zelakoak izan dira lehenengo diskotik bigarrenerako igaro diren urte biak?

K.Z.: 2011ko martxoan hasi eta 2012ko urtarrilean amaitu genituen lehenengo diskoaren kontzertuak. Hilabete pare bat geldi egon ginen, eta astiro-astiro, disko berria prestatzen hasi ginen.

Jon Aramendi: Biziush gitarristak taldea utzi zuen, eta berrantolatu egin behar izan dugu bai soinuari, bai abesti berriak sortzeari dagokionez. Dena luzatzea ekarri du horrek.

 

Izan daiteke aurreko diskotik erritmoa geldotu izana? Lehenengo inpresioa hori izatea?

K.Z.: Lehen gitarra bi zeuden lekuan orain bakarra dago, eta ez genion zentzu handirik ikusten lehen egiten genuen musika bera gitarra bategaz egiteari. Beste ukitu bat bilatu dugu.

Iñigo Larringan: Ez dakit abiadura kontua bakarrik den: disko osoa da aurrekotik desberdina. Beharbada, ez da hain agresiboa. Zehatzagoa eta sinpleagoa da, eta baxuak eta koruek garrantzi handiagoa daukate. Soinu berria bilatu dugu, eta jendeak ere esaten du: “Diferentea da, baina Sermond’s-en ukitua dauka”.

 

Zaila izan da bestelako ukitu hori ematea?

I.L.: Beti izan gara kantak gitarra biren elkarrizketatik sortzekoak, eta sormen prozesua moldatu behar izan dugu.

K.Z.: Hasieran, Biziushen partez beste gitarrista bat sartzea pentsatu genuen, baina momentuz horrela jarraituko dugu: lagun talde bat gara, eta laukote egitura honegaz jarraitu gura dugu, oraingoz. Dena dela, zuzenekoetan ikusten badugu beharrezkoa dela, ez dugu alboratzen beste gitarrista bat sartzea.

 

Zelan bete duzue bigarren gitarraren hutsunea?

I.L.: Baxuari distortsioa sartu diogu, eta lau anplifikadorerekin jotzen dugu, eta koroak ere gehiago lantzen dihardugu. Pozik gaude: probatzen, jolasten.

J.A.: Zerotik hasi gara zelanbait. Sortzeko beste metodologia bat baliatu dugu disko honetarako.

 

Sei kantu zergatik?

I.L.: Disko laburrek oso harrera ona daukatela diote adituek: hamabi kantako disko bat erosten duzunean ere, normalean lau edo bost entzuten dituzu. Sei dira hemen: ez dago betegarririk!

K.Z.: Aurrera segitzeko, ahal bezain laster zerbait ateratzea behar genuen: hemengo musikan izentxo bat egin dugu, eta jotzen jarraitzeko behar genuen.

 

Zuzenekoetarako gogotsu?

I.L.: Desiatzen gaude!

K.Z.: Sei-zazpi kontzertu dauzkagu dagoeneko lotuta: Otxandion, Arrasaten, Gasteizen… Printzipioz, hilean hiru kontzertu eskaintzea da gure ideia.

 

Zer prestatu duzue biharko Elorrioko kontzerturako?

J.A.: Aurreratu dezakeguna da, Sermond’s-en zuzeneko esentzia edukiko duela biharko kontzertuak: jendeak gure taldetik gustokoen duen hori.

Iñigo: Saiatuko gara kontzertu dinamikoa eskaintzen: alderdi bisuala ere lantzen, eta jendearen inplikazioa bilatzen.

 


Oraingoz laukote moduan aurrera egitea erabakita

 

Mauka disketxearekin atera du, aurreko Azken bala legez, Sermond\'s-ek Bidegurutzean.

 

Apirilaren 11n bost urte egingo ditu Sermond\'s-ek, eta laukote moduan jardungo dute aurrerantzean. Ia urtebete igaro da Durangoko Plateruenean Biziush gitarrista agurtzeko azken kontzertua eman zutenetik, eta “urduri” baina gogotsu daude gaur taldearen zuzeneko indarra erakusteko.

 

Diskoaren izenburuak islatzen du Sermond’s-ek “nondik jo erabaki behar izan duela” azken hileetan. Gaur ekingo diote bidaia berriari. Helmugetako bat: Euskal Herritik kanpo ere kontzertuak eskaintzea.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!