Aurten erreferente den Mallabiak behe-behetik ekingo dio hurrengo urteari

Anboto 2013ko mar. 24a, 08:32

Sarrerak gutxitu zaizkie, eta ezin diete Hirugarren mailako gastuei aurre egin; datorren denboraldia bigarren erregionalean hastea erabaki du Mallabia futbol taldea Kirol Elkarteko kudeaketa batzordeak

Sarrerak gutxitu zaizkie, eta ezin diete Hirugarren mailako gastuei aurre egin; datorren denboraldia bigarren erregionalean hastea erabaki du Mallabia futbol taldea Kirol Elkarteko kudeaketa batzordeak.

 

\"\"

 

Gaur egun Durangaldeko areto futbolean erreferente den Mallabiak behe-behetik ekingo dio datorren denboraldiari. Hirugarren mailan amaituko dute denboraldi hau eta bigarren erregionalean hasiko dute hurrengoa. Gastuei ezin dietenez aurre egin, erabaki hori hartu du Mallabia futbol taldea Kirol Elkarteko kudeaketa batzordeak.

 

Euskal ligatik Hirugarren mailara alde handia dago ekonomikoki. Epaileetan eta jokalarien fitxetan gastua bikoiztu egiten da: 3.700 eta 3.000 euro urtean, hurrenez hurren. Horiek horrela, 2010ean Mallabiko Udalak eta Hierros Servando enpresak hitzarmen bat sinatu zuten. Hitzarmen horren arabera, kirol elkarteak 12.000 euro jasoko zituen lau urtean; 3.000 euro urteko. Babesletzaren truke, kirol elkarteak enpresaren izena zabalduko zuen bere ekitaldi denetan. Juan Carlos Perez kirol elkarteko kidearen esanetan, “aurten laguntza hori bertan behera geratu da, eta hori kolpe handiegia izan da guretzat”.

 

Mallabiko kirol elkarteak hainbat adar ditu (eskola kiroleko nesken saskibaloi taldea, esaterako) eta, urtero-urtero, hamaika ekitaldi antolatzen dituzte: euskararen aldeko futbito maratoiak, frontenis eta tenis txapelketak… Horiek diru-iturri ere badira (izen-emateekin, txosna ipinita), baina modu horretara batutako diruagaz aurrekontu osoaren ehuneko txiki bat ordaintzera bakarrik heltzen dira. Kontuak orekatzeko babesle nagusi bat falta zaie.

 

Orain arteko jokalariak areto futbola uztekotan dira. Beste hainbat taldetako eskaintzak ere badituzte. Datorren denboraldiari begira, orain urte bi jubenilen taldea osatzen zuten jokalariak batzen ari dira. Aurten, ezin izan dute jubenilen talderik atera diru faltagatik, eta jokalari gehienak Bizkaiko Futbito Torneoan ari dira (federaziotik kanporako torneo bat). Garciaren arabera, “jokalariekin berba egin dut, eta datorren urteko taldea nahiko osatuta dago”. Berez, Euskal ligan jokatzeko aukera ere bazuten, baina talde eginberri batentzako erronka gogorregia iruditu zitzaien, eta nahiago izan dute beherengo mailara jaitsi: “Azkenean, maila, bat gorago edo beherago, Mallabian areto futbol talde bat egotea nahi dugu; gazteei areto futbolean jokatzeko aukera eskaini gura diegu. Hori da gure helburua”.

 

Denboraldi amaieran beste arazo bati ere aurre egin beharko diote. Abenduan hauteskundeak izan zituzten, eta ez zen hautagairik aurkeztu. Ondorioz, aurten kudeatzaile batzorde batek hartu du ardura. Juan Carlos Perezek dio denboraldi amaieran elkartea gidatzeko bere hautagaitza aurkeztuko duela.


Federazioak “trabak ipini eta gutxi laguntzen du”

 

Mallabia futbol taldea Kirol Elkartea 1997an sortu zuten. Sei urtez Bizkaiko Futbito Txapelketan ibili izan ziren, eta 2003/04 denboraldian federatu zuten taldea. Ondoren, 2006/07 denboralditik 2010/11ra lau igoera lortu zituzten: Bigarren erregionaletik Hirugarren mailara.

 

16 urtean hainbeste lan kostatu zaiena gauetik goizera galtzeak “frustrazioa eragin” diola onartu du Garciak: “Irabazitakoa kantxan galdu izan bagenu… Baina gertatu dena gertatzea pena handia da”. Federazioaren aldetik “oso laguntza gutxi” daudela ere kritikatu du: “Dena dira trabak, kobraketak… Maila batetik bestera gastuak asko handitzen dira. Oso talde egituratuak bakarrik gura dituzte. Gu, beharbada, ez gara profil horretakoak. Ulertu dezaket, baina ez zait batere justua iruditzen”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!