Arkaitz Urangak ziztu bizian ekin dio Espainiako txapelketari

Anboto 2013ko mar. 12a, 08:25

Arerioek baino zilindrada txikiagoko Citroen Saxoagaz, Urangak txapelketako lehen proba irabazi du Motorland zirkuituan

Arerioek baino zilindrada txikiagoko Citroen Saxoagaz, Urangak txapelketako lehen proba irabazi du Motorland zirkuituan.

 

Iaz Espainiako Autokros Txapelketa IIA mailan irabazi ostean, aurten maila bat gorago (II.maila) lehiatzea erabaki du Arkaitz Urangak (29 urte, Markina, Mallabian du auto taillerra). Asteburuan izan zuen txapelketako lehen lasterketa Motorland zirkuituan (Aragoi) eta, pronostikoen kontra, irabaztea lortu zuen.

 

Urangak onartzen duenez, “lehenengo geratzea sorpresa izan da. Alde batetik, bere Citroen Saxo berriak 1.600 zentimetro kubiko ditu eta gainerako gehienek 2.000 zentimetro kubiko. Bestetik, federazioak 940 kilotan ezarri du autoaren gutxieneko pisua eta Urangarenak 830 bat zituen. Pisurik kargatu gabe joan ziren zirkuitura, eskakizun horren inguruan kexa asko egon direnez, malgutasunez jokatuko zutelakoan. Baina, ez. Federazioak zorrotz jokatu zuen eta gutxieneko pisura heltzen ez ziren autoak kanpoan geratuko zirela adierazi zien. Beraz, “bertan eta artesanalki, 110 kilo gehitu genizkion autoari”.

 

Testuinguru horretan ez da harritzekoa entremendu saioak tentuz hasi izana. Baina autoak bikain erantzun zuen, “espero genuena baino hobeto”. Entrenamenduetan eta sailkapen saioetan jaun eta jabe izan zen Uranga. Lasterketak aurretik ikusitako konfirmatu zuen: “Lehenengo itzuli bietan aurkariei oso erraz atera genien aldea eta handik aurrera aldeari eusten saiatu ginen; ez genuen inondik inora espero autoari 110 kilo gehitu eta horrela ibiltzea”. Gainera, aurten txapelketa irabazteko arerio nagusiena izando duen David Urbanek (IIA eta II mailetako irabazlea izana) arazoak izan zituen bere Citroen ZX-agaz eta zortzigarren geratu zen.

 

Txapelketako bigarren proba apirilaren 15ean izango du Lleidako zirkuituan: “Uste dut zirkuitu hori oraindino hobea dela gure autoaren ezaugarrientzat, beraz itxaropentsu joango gara”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!