"Elikadura bizimodua bai, baina ez litzateke negozio izan behar"

Anboto 2013ko mar. 9a, 08:10
Baratze ekologikoak ipiniko dituzte Mallabian, eta agroekologiari buruzko tailerrak ematen dabiltza. Haritz Mayora mallabiarra antolaketan ibili da, eta hitzaldia eman du asteon. EHNE Bizkaian lan egiten sortu zitzaion etxerako ortua lantzen hasteko gogoa. ENEEK Euskadiko Nekazaritza Ekologikoko Kontseiluaren Ekolurra aldizkariko koordinatzailea da. Ingurugiro zientzietan lizentziatua da Mayora

Baratze ekologikoak ipiniko dituzte Mallabian, eta agroekologiari buruzko tailerrak ematen dabiltza. Haritz Mayora mallabiarra antolaketan ibili da, eta hitzaldia eman du asteon. EHNE Bizkaian lan egiten sortu zitzaion etxerako ortua lantzen hasteko gogoa. ENEEK Euskadiko Nekazaritza Ekologikoko Kontseiluaren Ekolurra aldizkariko koordinatzailea da. Ingurugiro zientzietan lizentziatua da Mayora.

 

Kalekumea zara. Zelan hurreratu zara baserri mundura?

 

Irlandan basalandareen haztegi batean egon nintzen urtebete boluntario, eta han hasi nintzen landareak eta haziak ezagutzen. Handik bueltan, EHNEko langile izan nintzen bizpairu urtez, eta hor pentsatu nuen baserrian bizitzea. Beste kontu bat da, baserritik bizitzea. Momentuz ez dut eduki pauso hori emateko adorea.

 

EHNEn ezagutu zenuen nekazaritza ekologikoa?

Ekologikoarena, lehendik nekarren, beharbada. Ingurugiro Zientziak ikasi nituen, eta Irlandako jendea ere mundu horretan zebilen. EHNE Bizkaian bertoko nekazaritza eta baserritar asko ezagutu nituen, bai eta eredu intentsiboak sortu dituen ingurumen edota gizarte arazo larriak ere.

 

Elikadurarenganako sentsibilizazioa handitu egin da?

Orokorrean, uste dut ardura txikia dela, baina gero eta jende gehiago dago elikaduraz kezkatuta, janaria nondik datorren... Hemen gainera, baserriko ekoizpena asko bajatu da, baina etxerako produkzioa mantendu da, eta orain, baserriagaz harremanik izan ez duen jendea dabil sartzen. Ekologikora hurbiltzen diren askok beste bizimodu bat probatu gura dute, trankilago bizi, nahiz eta lan asko egin behar den. Gaitza da pauso hori ematea, bizimodua erabat aldatu behar delako. Diru sarrerak bajatu egiten dira, ez da erraza tomatetik eta letxugatik bizitzea. Lan asko egin behar da.

 

Zelan ikusten duzu kontsumitzaileen kontzientzia?

Gaitz. Baserritar batek esaten zidan, sinestezina ematen duela, baina kontsumo ekologikoa ez dela gelditu, gorantza doala. Jendartearen zati bat, agian, hasi da planteatzen non gastatu gura duen dirua. Bertoko elikagai ekologikoekin bizitzea apur bat garestiagoa izan daiteke, baina gainkostu txiki horrengatik, bertoko nekazaritza –eta ondorioz, paisaia– mantentzen laguntzen duzu, ingurumena zaintzen norbaiti ematen diozu dirua, eta osasun hutsa diren jakiak lortzen dituzu. Mauka ederra!

 

Baserritarrak animatuta daude?

Kontsumo taldeak asko ugaritu dira, eta EHNE Bizkaiak lan handia egin du agroekologia bultzatzen. Kontua da, baserritarrak autonomia gehiago edukitzea. Teknikoen menpeko izaten dira, eurek esaten dutena egiten dute, teknologiarantz asko jo delako, eta produkzioari eman zaiolako garrantzia. Eredu ekologikoak beste gauza bat esan gura du.

 

Mallabian eman duzun hitzaldian, lurrari eta labore motei buruz berba egin duzu.

Tailerretara agroekologia arloan ezagutzen dugun jendea ekartzen saiatu gara. Nik neuk ez dakit asko, irakurritakoa eta baserritarrei entzundakoa. Kontua da, arrasto batzuk ematea. Lurraren inguruan, lurra ezagutzearen garrantziaz jardun dut: eredu agroekologikoan, lurra zaintzeko norberaren lurra ezagutu behar da, hori da gaitzena. Ez da berdina Garaiko lurra edo Berrizkoa. Lurraren bizitza indartzeari buruz jardun dut, eta hazien kontuak ere azaldu ditut, bertoko barietateak...

 

Ekolurra aldizkarian idazten duzu. Zer albiste gustatuko litzaizuke bertan idaztea?

Euskal Herriak elikadura burujabetza lortu duela, eredu ekologikoan oinarrituta, noski.

 

Egoera hori urrun dago?

Oso urrun. Kontsumitzen dugun ehuneko oso txikia da bertatakoa, eta 20-30 urteren buruan baserrien ehuneko hirurogei inguruk utzi dute aktibitatea. Orain, jende gaztea sartzen dabil, baina orokorrean sektore zaharra da. Asko itota daude, pentsua igo egin delako Chicagoko burtsan. Elikadura arloan espekulatu egiten dute, eta horrek eragina dauka guztian: hemen baserriak ixten dira, eta Afrikan jendea gosez hiltzen da. Elikadura negozio bihurtu dute, eta bizimodua izan beharko litzateke. Ez da negozioa, eskubidea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!