Santxo iazko txapeldunak porrotagaz ekin dio txapelketari

Anboto 2013ko mar. 1a, 14:16

Atzo hasi zuten Biharko Izarrak pilota txapelketako 10. aldia. Arratibelegaz bikotea osatuz, Santxo iazko txapeldunak galdu egin zuen Jaka eta Imazen aurka

Atzo hasi zuten Biharko Izarrak pilota txapelketako 10. aldia. Arratibelegaz bikotea osatuz, Santxo iazko txapeldunak galdu egin zuen Jaka eta Imazen aurka (16-22).

 

Jaka-Imaz bikoteak hasiera-hasieratik agindu zuen eta beti izan ziren lau-bost tanto aurretik. Jakak joko bolada oso onean eta konfidantzagaz dabilela erakutsi zuen. Hala ere, Imaz izan zen partiduko pilotaririk onena. Bere lan eskergari eta segurtasunari esker atera zuten partidua aurrera. Bikote urdinak, aldiz, ezin izan zuen bererik eman, fisikoki ez zirelako ehuneko ehunean aurkitzen. Santxok justu samar zuen eskubiko eskua eta Arratibel ez zegoen bete-betean gripe baten ondorioz.

Beste partidu bat ere jokatu zuten atzo. Bisintxok eta Bolinagak 22-14 menderatu zituzten Ansotegi eta Murgiondo. Hobeto hasi ziren azken horiek, baina partiduko bigarren zatian akats asko egin zituzten. Bisintxok eta Bolinagak nahikoa izan zuten zuzen jokatzea partidua aurrera ateratzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!