"Autokroseko irteerako hiru segundoak rallyko minutu asko baino hobeak dira"

Anboto 2013ko ots. 27a, 10:30

Arkaitz Urangak (29 urte, markinarra da eta Mallabian du auto tailerra) Espainiako Autokros Txapelketa irabazi zuen iaz, 1.600 zentimetro kubikoko Citroen Saxo bategaz. Aurten maila bat gorago lehiatuko da, eta irabaztea du helburu.

Arkaitz Urangak (29 urte, markinarra da eta Mallabian du auto tailerra) Espainiako Autokros Txapelketa irabazi zuen iaz, 1.600 zentimetro kubikoko Citroen Saxo bategaz. Aurten maila bat gorago lehiatuko da, eta irabaztea du helburu.

 

Aurten goragoko zilindrada bat probatu gura duzu.

Bai. Aurten 2.000 zentimetro kubikoko kategorian parte hartu gura dut, 1.600eko motorragaz. Hau da, autoak zilindrada txikiagoa du, baina baita besteek baino pisu txikiagoa ere. Iaz, zilindra honetan, autoak 880 kilo izan behar zituen gutxienez, baina aurten, antza, 940an ezarri gura dute minimoa. Horrek esan gura du, autoari 110 kilo gehitu beharko nizkiola. Oraindik ez dute aurtengo legedia argitaratu, eta gutun bat bidali dut Espainiako Federaziora gehienezko pisua 900 kilo inguruan mantentzeko eskatuz.

 

Probatu duzu autoa pisua gehituta?

Bai. Asteburuan Alcañizko (Teruel) zirkuituko lasterketa lehiatu nuen, bigarren mailan. Pisua gehituta eta gasolina depositua topera, 110 kilo pisutsuagoa zen autoa. Apur bat justu ibili ginen. Iaz baino indartsuagoa dela ikusi genuen, baina aldi berean, baita ez dugula erreztasun handirik edukiko ere. Iaz zirkuitu berean baino segundo eta erdi astiroago ibili gara aurten.

 

Autoa iazko berdina da?

Iaz legez, Citroen Saxo bat dut, baina auto berria da. Iazko autoko gauza onei eutsi diegu, eta hobetu ahal zen tokietan hobetu dugu: motorrean eta esekiduran, esaterako. Esekidurarako, Dani Solá pilotu kataluniarragaz ipini ginen hartu-emanetan, eta ondoren, Raiger esekidura holandarrak erosi genituen, gaur eguneko onenetakoak. Aurtengo motorrak iazkoak baino 20 zaldi gehiago ditu, gainera.

 

Federazioak 940 kiloei eusten badie, zer egingo duzu?

Beharbada, berriro bigarren mailan arituko naiz, iaz legez. Ez dudana nahi da, irteeretan atzean geratzea, edo talde handien erdian ibiltzea. Autoa apurtzeko bidea da hori, argi dago.

 

Bigarren mailan aritzen bazara, Iban Posado izango duzu txapelketa irabazteko arerioetako bat. Iaz ez zenuen ondo amaitu beragaz.

Nik beragaz ez dut inolako arazorik. Hartu-eman ona dugu. Bere inguruko jendea zen kezkatzen gintuena. Faltsuak ziren. Posado berari ere esan nion.

 

Azkenengo lasterketan, gasolina depositua giltzarrapo bategaz itxi zenuten, badaezpada. 

Zeozer egiteko intentzioa zutela-edo zer edo zer heldu zen gure belarrira. Egia esanda, nik ez dut uste horretara helduko zirenik, baina, badaezpada, giltzarrapoa ipinita lasaiago lo egin genuen.

 

Aurten, zenbat lasterketak osatzen dute txapelketa?

Krisiaren ondorioz, lasterketa batzuk kili-kolo egon dira, baina entzun dudanez, azkenean iazko seiei eutsiko diete. Katalunian eta Galizian bina, eta, Aragoin eta Gaztela-Leonen bana.

 \"\"

Maila batean zein bestean, zeintzuk izango dira helburuak?

Helburua irabaztea da, hori argi daukat. Pisu minimoa 900 kilo inguruan ipintzen badute, aurrean ibiliko gara. Horrez gainera, beste sailkapen bat ere badago turismoetan. Lasterketa bakoitzean kategoria denetako finaletako denborak hartuta sailkapen bat osatzen da, eta horren arabera puntuak banatzen dira. Sailkapen hori irabaztea ere badut helburu.

 

Anbizio handiko helburuak dira.

Iaz txapelketa irabazita, atzerapausoetan ezin dugu pentsatu. Gainera, teorian, aurtengo autoa iazkoa baino hobea da, nahiz eta joan zen asteburuko proban atzerakada apur bat egin genuen…

 

Probatzea da non hobetu jakiteko modurik onena.

Horixe da. Autoari berunezko xaflak gehitu gura dizkiogu azpiko aldean. Asteon berunagaz-eta lan egiten duen Plentziako lagun bat etorri zaigu, xafla horrek non eta zelan banandu begiratzeko. Garrantzitsua da autoa ondo orekatuta egotea.

 

Orain urte batzuk, Euskal Herriko autokros txapelketa irabazi eta errepidera salto egin zenuen. Zergatik?

Sasoi hartan, bazen Citroen Kopa bat euskal-nafar zirkuituan. Beti gustatu izan zaizkit piketxoak sortzen diren txapelketak, hau da, autoen artean parekotasuna daukatenak. 2008an, Citroen Kopa irabazi genuen, eta 2009an, Bizkaiko Rally Txapelketa. Urte hartan, Euskal Herrikoa ere irabazi genuen gure kategorian.

 

Eta, hala ere, autokrosera itzuli zinen.

Euskal Herriko autokros txapelketa 17 edo 18 urtegaz irabazi nuen. Sasoi hartan, Espainia mailan gure maila zein zen jakin gura nuen. Lleidara joateko asmoa eduki nuen, baina gurasoek zirkuitua ikusi zuten, eta azkarregia zela esan zidaten. Harrezkero, beti izan dut jakinmin hori. Errepideak apur bat nekatu ere egin gintuen. Hainbat faktorek bat egin zuten autokrosera bueltatzeko.

 

Gidatzerako orduan, errepideak eta autokrosak ez dute batere zerikusirik.

Lur gainekoa askoz politagoa izaten da. Gidatzeko modua delikatuagoa da baina. Sarritan, lurra busti egiten dute, hautsik ez irteteko, eta gidarien eskuek eta trebeziak garrantzi handia hartzen dute. Irteerak ere bereziak izaten dira: hamar-hamabost auto, bata bestearen ondoan, azeleragailua zapaltzen, motor hotsa, semaforoa noiz itzaliko zain… Bizpahiru segundo horiek rallyko minutu asko baino hobeak dira. Beste alde batetik, autokrosaren kasuan, egunean bertan joan zaitezke lasterketara. Asistentziari dagokionez ere, rallyen mundua askoz estresanteagoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!