Tolosa eta Santxo iazko txapela berritzeko faboritoen artean daude

Anboto 2013ko ots. 22a, 12:49
Eguenean hasiko da aurtengo Mallabiko Biharko Izarrak Pilota Txapelketa, hamargarren aldiz; oraingo edizio honetan ere parte hartuko dute Tolosa eta Santxo iazko txapeldunek

Eguenean hasiko da aurtengo Mallabiko Biharko Izarrak Pilota Txapelketa, hamargarren aldiz; oraingo edizio honetan ere parte hartuko dute Tolosa eta Santxo iazko txapeldunek.

 

Mallabiko Biharko Izarrak Pilota Txapelketak hamarkada bat beteko du aurten. Orain arteko bederatzi finalek 18 txapeldun utzi dituzte, eta horietatik 14 pilotarik esku pilota profesionalerako saltoa eman izan dute. Oinatz Gonzalez eta Gorka Urtasun dira horietako bi, eta esku pilotak eman ez dien aukera erremonteak eskaini die.

 

Urtasun, esaterako, jokamolde horretako izarrik handienetakoa da gaur egun. Profesionaletan debutatu ez duten beste biak iazko txapeldunak dira. Xabier Tolosa anoetarra (Mallabikoa du ama) denbora kontua da. Probak egin ditu Aspe enpresagaz, eta Biharko Izarrak amaitzean, debutatu egin dezake. Xabi Santxo ere saltoa emateko prest dagoela erakusten saiatuko da aurten. Joko sistema betiko bera da. 24 pilotariak multzo bitan banatu dituzte: seina aurrelari eta atzelari bakoitzean.

 

Multzo bakoitzeko aurrelariek atzelari denekin osatuko dute bikotea, bigarren multzokoen aurka. Bikote finkorik ez dagoenez, tanteorik onenak lortu dituzten zortzi pilotariak sailkatuko dira finalerdietarako. Iazko txapeldunez gainera, beste hainbat faborito bereiztu daitezke. Eric Jaka amezketarra maila handian dabil; Jon Ansotegi etxarri-aranaztarrak Diario Vasco eta Olazar txapelketetako finalak jokatu ditu, eta Iñaki Artola Asegarcegaz debutatzekotan da. Datorren egueneko lehen jardunaldian (21:30ean) Ansotegi-Murgiondo eta Jaka-Imaz neurtuko dira. Finalak maiatzean jokatuko dituzte.

 

Antolatzaileak hamargarren urteurrena zelan ospatu pentsatzen ari dira. Orain arteko txapeldun denak final egunean batzea eta oroigarri bat ematea da hausnartzen ari diren ekimenetako bat.

 

Pilotariak

A MULTZOA: Aurrelariak: Ansotegi, Bixintxo, Artola, Urbieta, Urretabizkaia eta Uriona. Atzelariak: Perez, Galarza, Bolinaga, Murgiondo, Etxamendi eta Tolosa.

 

B MULTZOA: Aurrelariak: Jaka, Olaetxea, Agirre, Arrieta, Santxo eta Doronsoro. Atzelariak: Irusta, Rezusta, Arratibel, Imaz, Lasa eta Aizpurua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!