Kirola eta musika nagusi Mallabiako Urriko jaietan

Anboto 2012ko urr. 22a, 08:34

Kokein, Iheskide, Governors, Vendetta eta Bizardunak taldeek joko dute hurrengo zapatuan

Kokein, Iheskide, Governors, Vendetta eta Bizardunak taldeek joko dute hurrengo zapatuan.

Urriaren 26tik 28ra ospatuko dira Mallabiako Urriko jaiak. Urriaren 26an, ostiralean emango zaie hasiera festei, 18:00etan burutuko den txupinazioarekin eta enkarteladarekin. Ondoren Elizpeko Pilota txapelketaren finala jokatuko da eta 20:00etatik aurrera Bertso-poteoa egingo da tabernetatik Beñat Ugartetxea eta Aitzol Barandiaran bertsolariekaz.

Larunbatean, kirol eta musika ekintzak izango dira protagonista nagusiak. Goizeko hamarretatik aurrera Frontenis txapelketaren final laurdenak jokatuko dira. Finalaurrekoak 17:30ean jokatuko dira eta txapelketaren finala 20:00etan izango da.Arratsaldeko lauretan umeentzako Olinpiadak  antolatu dituzte eskolako frontoian.Iluntzean rock musikaren txanda izango da. Gaur egun puntakoak diren taldeen kontzertuez gozatzeko aukera egongo da. Kokein, Iheskide, Governors, Vendetta eta Bizardunak euskal rock taldeek kontzertua eskainiko dute gaueko hamarretatik aurrera.

Jaietako azken egunean ere ekintza desberdinak egongo dira. Eguerdian gaztetxoen arteko pilota partiduak jokatuko dira, Mallabia I pilota eskolak antolatuta. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera Javier Garitaonandia, Aitxu eta Jesus Gisasola, Zelai aizkolariak egongo dira plazan, Txondor Herri Kirol taldeak antolaturik. Ondoren Ibon Magoaren ikuskizuna egongo da plazan eta txokolatadarekin bukatuko dira aurtengo Mallabiako Urriko jaiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!