Irailaren 30ean jokatuko den mendi duatloian kirola eta jai giroa uztartu gura dituzte.
Mendi duatloien zirkuituko hirugarren proba hartuko du Mallabiak irailaren 30eko domekan. Aurtengo bigarren aldiak Euskal Herriko txapelketa ere hartuko du.
Herri ekimen bidez antolatu dute mendi duatloia. Aurten, kirol probari jai giroa gehitzen saiatu dira antolatzaileak. Horrela, lasterketa amaitzen denean herri bazkaria egingo dute, aurten lehenengoz, pilotalekuan. Bazkalostean iazko lehenengo aldiko irudiekin landutako bideo emanaldi bat eskainiko dute. Errifen zozketa ere orduan egingo dute.
Horrez gainera, iaz legez, gaztetxoentzako duatloia ere prestatu dute goizerako. Adin tarteetan banatuta, hamalau urtera arteko gaztetxoak ere badirela nor erakutsiko dute.
IBILBIDEA
|
Ibilbideari dagokionez, aurtengoa iazkoa baino leunagoa izango da. Xabat Areitoaurtena da duatloiko antolatzaileetako bat eta, bere esanetan, “herritar gehiago animatu zitezen” leundu dute ibilbidea: “Iaz sailkapenaren erditik gora amaitu zuten guztiek azpimarratu zuten lasterketa zoragarria zela, baina gogorra. Erditik atzerakoek alderantziz zioten, lasterketa oso gogorra zela, baina ederr a”. Oraingoz, ibilbidearen moldaketak eman ditu fruituak eta Mallabiko zazpi lagunek eman dute mendi duatloirako izena.
Zehazki, korrika osatu beharreko zirkuituari 25 bat metroko desnibel positiboa kendu diote eta bizikletako tarteari 70 bat metroko desnibela. Hala eta guztiz ere, duatloi gogorra izaten jarraitzen duela diote antolatzaileek, baina iazkoa baino eramangarriagoa.
Izen-emateak:
- Lasterketarako:
www.mendiduatloia.com - Herri bazkarirako:
mallabiamendiduatloia@
hotmail.com