"Organoa ikasi eta jarraitzea ez da erraza; oso lotua da"

Anboto 2012ko ira. 9a, 08:27
Mallabiko elizaren koruan ordu asko sartutakoak dira Emilio eta Julian Pradera lehengusuak, biak tenoreak. Emilio organo jotzaileak omenaldia jaso du aurtengo andramarietan, duela 50 urte sortu zuelako Mallabiko Ama kantua

Mallabiko elizaren koruan ordu asko sartutakoak dira Emilio eta Julian Pradera lehengusuak, biak tenoreak. Emilio organo jotzaileak omenaldia jaso du aurtengo andramarietan, duela 50 urte sortu zuelako Mallabiko Ama kantua. Aitaren alboan ikasi zuen organoa jotzen, eta hainbat kantu eta meza euskaratu ditu. Egindako lana apal-apal gogoratzen du Emiliok. Lehengusuak eta biek koruan gaztetan izaten zuten giroari buruz jardun dute kontu-kontari.

 

Zelan, nondik sortu zen ‘Mallabiko Ama’ kantua?
Emilio Pradera :
Bertsoak dira. Ez geneukan Mallabiko Amarentzako kanturik, eta egitea pentsatu nuen.

Julian Pradera: Beronek prestatu zuen eta gero letra ipini, aldatu eta entseguak egin genituen Andra Mari Egunean kantua inauguratzeko.

 

 

Orain mallabitar gehienek jakingo dute...

J. P.: Bai, elizara etortzen direnek denek bai, eta kanpoko jende askok ere bai. Baina ez hori bakarrik, honek Aita Gurea musika desberdin bategaz ere berak atera zion abadeari, Mallabiko mezak euskaraz ere hiru beronek ateratakoak dira...

E.P.: Hainbeste ere ez, hainbeste ez!

J.P.: Bai. Lehen latinez kantatzen zen, eta kredoa ere berak euskaratu zuen. Euskaraz ateratakoak, honek kanta asko dauzka.

 

 

Zelan gogoratzen duzue latinetik euskararako aldaketa?

J.P.: Denboragaz, entseguak eta entseguak egiten genituen. Koruan genbiltzanok ere, lehenenengo Emiliogaz entseatu eta apurka-apurka ikasi genituen.

 

 

Aitak jotzen zuen organoa.
E. P. :
Umetatik egon nintzen aitagaz koruan; nik tiplea kantatzen  nuen (korurako ahotsa, sopranotik gora). Sol ikurra banekien, erabiltzen genuen tiplea nintzelako eta praktikatuta neukan. Fa ikurrak ematen zuen gerra.

 

Gaur egun ez da organu jotzaile asko egongo.

E.P.: Ibili izan naiz irakasten, baina gero jarraitzea ez da hain erraza. Organoak lotu egiten zaitu. Orduak dira, eta hiletak eta beste, oso lotua da.

J. P.: Domeketan-eta ez da erraza gazteria lotzea. Juergak-eta...

E. P.: Ez zen horrenbeste juerga egoten lehen.

J. P.: Baina gazte asko ere ez ginen egoten. Meza ostean musika erakusten zigun Emiliok, kantuan eta musika. hamabost-hamasei gazte egoten ginen domekero.

 

Organoa ondo zaindu behar da?

J. P.: Bai, hautsa ez sartzeko-eta ondo zain du behar da. Lehenago ez zeukan motorrik eta eskuz ibiltzen ginen hauspoa ematen, ni mutikoa nintzenean.

E. P.: Nik eroan nuen hau, aita eta amaren aurrera: “Hau korura etorri behar da”.

J. P.: Orduan norberak eman behar zuen haizea. Hiru bat lagun egoten ginen eragiten, eta ez brometan, e? indarra egiten genuen, eta nekea, nekea!

E. P.: Gogor joz gero potentzia gastatu egiten zen, eta...

J. P.: Suabe zebilenean ondo, baina zarata ateratzen zuenean burdin hotsa ateratzen genuen, aditzera ematen genion: “Ene, honek hasarre dabizek!”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!