Mallabiko areto futbol taldeak antolatu duen tenis txapelketa Ruben Pinillos eibartarrak irabazi du. Finalean Zaldibarko Javier Castrillo izan zuen arerio eta bi setean menderatu zuen.
Lehenengo seta orekatua izan zen eta tenislari biek ikuskin polita erakutsi zuten. Azkenean, tie breaka jokatu behar izan zuten lehenengo seta erabakitzeko eta Pinillosentzako izan zen (7-6). Bigarrenean Pinillosek birritan apurtu zuen Castrilloren sakea eta erraz nagusitu zen (6-2). Antolatzaileak gustura agertu dira tenis txapelketak izan duen harreragaz. Guztira 12 lagun ibili dira lehian Mallabian.