Elezkanogaz batera bikotea osatu eta Santxo-Tolosa izango dituzte aurrez aurre gaur.
Biharko Izarrak pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte gaur, 20:00etan, Mallabia I pilotalekuan. Binakakoan, Durangaldeko ordezkari bat egongo da lehian: Jon Landaburu elorriarra. Ander Elezkano zaratamoarragaz osatuko du bikotea. Parez pare, Xabier Santxo aurrelari bizia eta Xabier Tolosa atzelari sendoa izango dituzte; txapelketa bikaina egin dute.
Atzean lan zailak izango ditu Landaburuk. Tolosa anoetarrak hamasei urte bakarrik dituen arren, egindako pilotaria dela erakutsi du eta jotzailea da. Landaburuk ofizioa eta segurtasuna izango ditu armarik onenak.
Aurrean Elezkano I.ak agindu behar luke. Zaratamoarra gaur egun afizionatuetan aurki daitekeen pilotaririk onenetakoa da. Jokoan sartzen denean pilota beste txispa bategaz irteten da aurreko hormatik. Dena dela, Xabier Santxo sasoian eta konfiantzagaz dago eta pilotari arriskutsua da.
Irribarria errebantxaren bila
Binakakoaren aurretik lau t’erdiko finala jokatuko dute Iker Irribarria amezketarrak (hamasei urte) eta Asier Agirre burlatarrak (hamazazpi urte). Joan zen asteburuan, Donostian, Antiguoko lau t’erdiko finala jokatu zuten pilotari biek eta Agirrek irabazi zuen. Gaur, bigarren aukera izango du Irribarriak Agirreren aurka.