Itsaso Pradera Euskadiko hirugarren txapelaren bila

Anboto 2012ko mar. 2a, 08:46

Paleta gomako finala jokatuko dute zapatuan Mallabian; orain arte txapelketa jokatu den aldi bietan Pradera izan da txapeldun

Paleta gomako finala jokatuko dute zapatuan Mallabian; orain arte txapelketa jokatu den aldi bietan Pradera izan da txapeldun.

 

Herritarren animoen artean Euskadiko Paleta Goma Txapelketa hirugarrenez irabazten saiatuko da Itsaso Pradera, zapatuan, 17:00etatik aurrera. Laura Saez bizkartzain duela, Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta izango dituzte arerio.

 

Iaz protagonista berak heldu ziren finalera, eta Praderak eta Saezek 30-20 menderatu zituzten. Aurten, ordea, aurkariek gora egin dute, iaz baino sendoago dabiltza eta final estua aurreikusi daiteke. Atzean belaunaldi eta jokatzeko modu bi egongo dira, parez pare. Arrietak 16 urte besterik ez ditu eta jotzailea da. Adinean ia bikoiztu egiten duen Saezek (31 urte) bonbardaketari eustea eta partida gogortzea bilatuko du.

 

Bigarren mailako finalean ere Durangaldeko protagonista bi daude. Amaia Araistegi mallabitarrak —Lejarragoitiagaz bikotea osatuz— Gaxi Gallastegi atxondarraren eta Leire Etxanizen aurka lehiatuko du.
Iurreta eta Berriz trinketean

 

Trinketeari dagokionez, joan zen asteburuan argi geratu zen, beste behin, Durangaldeak espezialistarik onenetakoak dituela. Bizkaiko txapelketa irabazi zuten Iurretako Olaburu eskolako Otaduik eta Callejak kadeteetan eta Berrizko Oizpe eskolako Perosanzek eta Urkijok bigarren mailan. Final bietan emaitza beragaz amaitu zuten: 40-38. Azpimarragarria da iurretarren garaipena, faborito ziren aurkariei maila ikaragarrian egin zietelako aurre.

 

Bestalde, Kluben Arteko Euskadiko Txapelketako finalak  jokatuko dituzte asteburuan, hainbat maila eta modalitatetan. Eneko Perosanz eta Asier Berasaluze berriztarrek eskuz binakako txapela lehiatuko dute Bergaran, gaur 19:00etan.

 

Fronteniseko finalak Mañariko pilotalekuan jokatuko dituzte zapatuan, 10:00etan. Mikel Iraurgi abadiñarrak eta Alberto Alvarez izurtzarrak jokatuko dute finaletako bat. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!