"Tailerreko ordutegiagaz balitz, behar hau hamarrekoa litzateke"

Anboto 2012ko urt. 23a, 08:15

Larranotik mendi-buelta eginda etorri da Fernando elkarrizketara, ogiak eta opilak besapean dakartzala. Berbaldi gozoa, inondik ere: 24 urtegaz Mallabitik Durangora joan zen bizitzera, eta pastelgile dihardu 36 urtean. Lantokia, baina, Mallabian dauka.

Larranotik mendi-buelta egin ondoren etorri da Fernando elkarrizketara, ogiak eta opilak besapean dakartzala. Berbaldi gozoa, inondik ere: 24 urtegaz Mallabitik Durangora joan zen bizitzera, eta pastelgile dihardu 36 urtean. Lantokia, baina, Mallabian dauka.

 

36 urtean zabiltza okin eta gozogile lanetan.

18 urtegaz hasi nintzen beharrean, Eibarren. Bederatzi urtean egon nintzen han, eta gero Durangoko enpresa batetik deitu zidaten; zazpi urte egin nituen. Handik Mallabira joan eta oraindino bertan nago.

 

Zelan eta zergatik hasi zinen behar honetan?

Anaiak denda bat zeukan, eta behargin baten bajaren ondorioz berari laguntzen hasi nintzen, enkarguak-eta egiten. Tartean, nire ugazaba izango zenari ere eroaten nizkion enkarguak etxera. Egun batean berak komentatu zidan ea probatu gurako nukeen gozogile lana, eta hantxe hasi nintzen. Soldaduskan gidabaimen guztiak atera nituen, eta  nire ilusioa gidari izatea zen. Baina bueltan postua gordeta neukan gozotegian, eta bertan geratu nintzen.

 

\"\"Gero Durangora ezkondu zinen.

Durangon bizi nintzela, dei bat jaso nuen enpresa batetik. Baldintza hobeak ziren eta Eibar baino hurrago zegoen. Aldatzea erabaki nuen. Gero, behargin bi enpresa bat sortzekotan hasi ziren; okina eta banatzailea ziren, eta pastelgilea falta zitzaien. Azkenean, bi sartu ginen.

 

Beraz, zu, okina barik pastelgilea zara...

Ni beti izan naiz pastelgilea. Edozelan ere, ogia egiteko esku bat bota behar denean ere ez daukat inongo arazorik. Izan ere, ogia nahiko erraza da egiteko. Behar hau nahiko ona da. Txarra daukana zera da: ordu piloa, asteburuak, familiagaz egoteko ez dela oso bateragarria... Semeak hazita dauzkat dagoeneko, baina txikiak zirenean ez nuen ordutegiagaz bat egiten. Andreagaz ere, beharrerakoan ni ohera, eta oherakoan ni beharrera. Eguneroko bizitza nahiko gogorra da, baina lana bera ona da. Tailerreko lana baino gurago dut; hori bai, tailerreko ordutegiagaz balitz hamarrekoa izango litzateke.

 

Kontaiguzu zelakoa den zure lanegun normal bat.

Gauez beharra egin ondoren, 09:00ak inguruan irtetzen dut. Beti edukitzen dut zer edo zer egiteko, enkarguak-eta. Niri kirola gustatzen zait pilo bat. Squashera jolastu dut urte askoan, astean bi egunetan. Bestela, mendira ere askotan joaten naiz ibiltzen: Mugarra, Anboto, Oiz... Ezin dena da beharretik irten eta tabernara, handik ohera eta gero berriz beharrera. Apur bat mugitu egin behar duzu. Lana amaitzean psikologoarengana noala esaten dut; mendia da nire psikologoa. Gero jaitsi, ardo bat edo bi hartu lagunekin eta bazkaltzera; niretzat, afaltzera. Arratsaldean lo egiten dut.
 

Zer da pastel ona egiteko ezinbestekoa?

Nik sekretu handirik ez daukat, pastel tradizionala egiten dut-eta. Gaur egun, hainbeste produktu dago ia ez duzula jakin behar pastela egiten pastelgilea izateko. Ez da hori nire kasua, hasi eta amaitu neuk egiten dut-eta. Opilak, kremak, hostopilak... guztia nik egiten dut. Bestalde, gaur egun aukera asko egon arren, koloratzaile eta antzekorik ez dut erabiltzen. Beti egin den pastela egiten dut. Nire bezero gehienek hori gura dute.

 

Tradizionala baina era askotakoa, ala?

Gauza asko egiten dugu: pastela almendrekin, kiribilak, pasteltxoak, pastak, tartak, enpanadak, ezkontzetako tartak...

 

Zuk zer duzu gogoko jateko?

Labetik arroz-pastela edo bonba bat irtetzen bada, ba horrexek. Baina, gauez, ogi-opil bategaz zer edo zer haiek denak baino hobeto.

 

Pastela sarri erabiltzen da protesta egiteko. Ez al da, bada, alferrik galtzea...

Beno, normalean merengezkoak izaten dira, eta merengea egitea ez da hainbeste kostatzen. Hori ere norbaitek asmatuko zuen, beste bati gustatu, eta orain denok egiten dugu. Nik ere, inoiz, pasteldegian baten bat ederto ipini dut. “Ez daukadala balorerik?”. Aurpegia hurreratu, eta birritan pentsatu barik, plasta! Gero igoal berriro egin behar, baina momentuan gustura geratu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!