Mallabiko Txondor herri-kirol elkartean hainbat gazte dabiltza aizkolari zein harri-jasotzaile izateko trebatzen.
Orain sei urte sortu zen Mallabiko Txondor herri kirol elkartea. Hainbat urtez aizkoran, harri-jasotzen eta astoprobetan nor bere aldetik ibilitako kirolari batzuek indarrak pilatu zituzten, eta aurrera elkarrekin eta elkarri lagunduz egitea erabaki zuten. Harrezkero herri kirolak lau haizetara zabaltzeaz batera, berauen biziraupena bermatzeko lanean ere aritu dira; muga, zailtasun eta eragozpen guztiekin ere, lana bere fruituak ematen ari da, apurka-apurka.
Herri kirolen esparru zabalean, batez ere, aizkora, harri-jasotzea eta asto proben eremua batzen dira Txondorren. Guztira, 11 lagun dabiltza elkartearen inguruan, eta hainbat gaztetxo tartean. Aizkoran Ioritz Gisasola (14 urte) eta Eñaut Gallastegi (20 urte) ari dira, eta harri jasotzen Urdax Magunazelaia (14 urte), Jon Gisasola (12 urte) eta Aritz Etxebarria (12 urte). Gazteen gogoa eta ilusioa bideratzeko lanean esperientzia handiko kirolariak ari dira; Jesus Gisasola tartean: Zelai II.a. Helduen esperientzia eta gaztetxoen ikasteko gogoa batzea ez da koktel txarra.
Txondorreko kide gehienak mallabitarrak diren arren, atea zabalik dute inguruko herrietara ere; Urdax Magunazelaia abadiñar gazte ezagunak, esaterako, eurekin entrenatzen du.
Hiru modutan gizarteratzen dira herri-kirolak: txapelketetan, erakustaldietan eta apustuetan. Aizkoran txapelketak gero eta gorpuztuago daude, eta telebistaren bultzadak ere lagundu du berpizkunde horretan: “Gazte asko dabiltza aizkoran, eta frotoietara jende asko hurreratzen da. Aspaldiko indartsuen dago aizkolaritza”, dio Jesus Gisasolak. Erakustaldiei dagokienez, Euskal Herri osoan ibiltzen dira eta gazteak erreklamu erakargarria dira: “Zaleei gustatu egiten zaie gazteak aizkoran zein harrijasotzen ikustea”.
Gazteak herri-kirolen mundura erakartzea ez da erraza; hasten direnetako “erdiak baino gehiago herri-kirolei lotutako familetako semeak edo alabak” ei dira: “Familiako lotura hori ez dutenei kosta egiten zaie pausoa ematea”. Arlo horretan badago zeregina, beste arlo batzuetan ere badagoen moduan. Izan ere, “ez da normala”, Gisasolaren iritziz, erakustaldietan profesionalak “morroien moduan” prestaketa lanetan ibiltzea: “Mozketan hasi aurretik hartzen dugu lehenengo nekealdia”. Kirolaria erakustaldira bakarrik mugatuko den eguna helduko dela uste du, baina zaila da aurreikusten noiz eta nola: “Dirua irabaziko balitz, egiturak sendotzen saiatuko ginateke, baina gaur egun ez du ematen. Aizkoran gastu handiak daude, egurra dela, aizkora dela, prestaketa… zaila da”, aitortu du.
Asto probak eta jokoak
Mallabiko pilotalekua eraberritu zutenean asto proben erakusleiho paregabea ikusi zuten Bixente Ameztik eta Asier Abendibarrek, eta harrezkero asto proben tradizioa lantzen dihardute. Bestalde, Francisco Javier Balenciano harrijasoketan ez ezik, Iparraldeko jokoetan ere saiatzen da: gurdi eta lasto jasoketa, ingudea…
Harri-jasotzea, aizkoraren itzalean oraingoz
Normalean harri-jasotze saioak aizkora txanda biren artean garatzen dira. Beraz, aizkolariak nora, harri-jasotzaileak hara joaten dira. Ikuskizun propio legez funtzionatzeko duen arazo nagusia iraupena da: “Aizkoran 20 edo 30 minutuko saioak antolatu daitezken bitartean, harri-jasotzen saioek askoz laburragoek izan behar dute. Ikuskizun handia eskaintzen dute, baina denbora laburrean”, Gisasolaren arabera. “Egin dira harri-jasotze saioak bakarrik antolatzeko saioak, baina oraingoz ez dira errentagarriak”. Harri-jasotzea baloratzeko orduan ikuspuntu komertziala barik berez duen balioa hartzen badugu, inork ezin dezake zalantzan ipini ikuskizun bikainak izaten direla. Urdax Magunazelaia gaztearen adibidea hortxe dago. Otxandion bizi den abadiñar gaztearen jardunak ahozabalik uzten ditu ikusleak.
|
“Bizkaiko txapelketan inoizko parte-hartze handiena egon da”
“Hainbeste gazte ikusteak poztu egiten nau. Mugimendua, bizia nabari zaio aizkolaritzari”. Jakina, ardura ere eragiten dio Gisasolari: finalera sailkatzeko kapaz izango ote den, maila emango duen… “Durangaldeari begira okerrena da gehienak Arratia, Barakaldo eta hortikoak direla; ea apurka hemendik ere gehiago ateratzen ditugun”.
|