Urruzuno lehiaketan saritu dute Garazi Mugerza mallabitar gaztearen lana

Anboto 2011ko eka. 24a, 08:33

Maiatzean jakin zuen Garazi Mugerzak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen duen Urruzuno literatur lehiaketako sarietako bat berari eskaini ziotela. Sari moduan, beste saridunekin batera irailean Bretainiara hamar eguneko bidaia egitea, hango gastuetarako 300 euro eta oroigarria jasoko ditu hamasei urteko mallabitarrak

Maiatzean jakin zuen Garazi Mugerzak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen duen Urruzuno literatur lehiaketako sarietako bat berari eskaini ziotela. Sari moduan, beste saridunekin batera irailean Bretainiara hamar eguneko bidaia egitea, hango gastuetarako 300 euro eta oroigarria jasoko ditu hamasei urteko mallabitarrak.

 

Zelan erabaki zenuen zure lan bat lehiaketan parte hartzeko bidaltzea?
Berrizko Institutuko euskara irakasleak banatu zizkigun Urruzuno lehiaketaren oinarriak, eta zortzi orrialdeko lan hauxe bidali nuen. Aurretik idatzia neukan, eta bidaltzera animatu nintzen.

 

Eta zein da kontakizunaren haria?
Bikotekidea bisitatzera Alacant-eko espetxera doan emakumearen inguruko kontakizuna da, egun horren narrazioa. Emakume horrek sentitzen duenari buruzkoa da, batez ere, lana; bere ardurei buruzkoa.

 

Zelan sortu zitzaizun lana gai horren inguruan idazteko ideia?
Nire amaren lehengusu bat ere Alacant-eko kartzelan egon zen preso. Orain Huelvara eraman dutena. Ni ere bisitan joan izan natzaio, eta baliteke kontakizun horren atzean bizipen horiek egotea.

 

Blog bat daukazu http://periotx1.blogspot.com helbidean, eta dezenteko maiztasunagaz idazten duzu bertan.
Egia esan, idatzietarako ideiak badauzkat, baina azkenaldian ez dut sarrera berri askorik idatzi blogean. Normalean testu laburrenak eskegitzen ditut bertan.

 

Zelan bururatu zitzaizun bloga sortzea?
Berrizko Institutuko informatika klasean zabaldu genuen bloga, eta gero hori edukiz janztea da nik egiten dihardudana. Horrela bururatu zitzaidan nire kontakizun laburrak bertan sartzea.

 

Beti idatzi izan duzu?
Ez. Orain bost urte inguru herrian oso maitea zen Iñaki Mallagarai hil zenean egin zitzaion omenaldirako agur gutuna idatzi nionean egin nuen lehenengoz. Hortik aurrera idatzi dut gehiago.    

 

Zer ematen dizu idazteak?
Zorretan nagoela sentitzen dudanean idazten dut batzuetan, lasaitasunaren bila moduan jarduten dut. Egia esan, ez dakit zergatik egiten dudan; txakur batek ere zaunka zergatik egiten duen ez dakien moduan... Beharbada, ahoz esaten ez ditudan gauzak dira idazten ditudanak.

 

Zer literatur genero lantzen jarduten duzu gusturen?
Neure oroitzapenei eta sentipenei buruz idazten dut gehienetan, errealitatetik abiatuta, eta prosan beti. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!