"Beti egoten da sorpresa emateko aukera, eta horretan saiatuko gara gu"

Anboto 2011ko eka. 2a, 09:16

Aretxabaleta markinarra alboan duela, Biharko Izarrakeko finala jokatuko du bihar, barikua, Igor Azpiri elorriarrak.

Aretxabaleta markinarra alboan duela, Biharko Izarrakeko finala jokatuko du bihar, barikua, Igor Azpiri elorriarrak. Aurrean Mendizabal eta Untoria. Faboritoak ez izan arren, ezustekoa ematen saiatuko dira bizkaitarrak.\"\"

Biharko Izarraken parte hartzen duzun zenbatgarren aldia da?
Iaz hartu nuen parte lehenengo biderrez; finalerdietara heldu nintzen, eta aurten pauso bat aurrerago nago, finalean.

Itxaroten zenuen hain urrun heltzea?
Egia esateko ez. Aurten, behintzat, ez. Txapelketa hasi aurretik txarto ibili naiz eskuetatik; gozatu barik. Ez nuen espero hain urruti heltzea. Partiduak jokatu ahala jokoa hobetu dut, eta finalera heltzea lortu dut. Ligaxkan partidu bakarra galdu dut, eta finalerdikoagaz, sei partidu irabazi ditut guztira.

Finalean Aretxabaletagaz batera jokatuko duzu. Zeintzuk izango dira finaleko gakoak?
Hasieran Mendizabal eta Untoriaren jokora moldatu eta horri  eustea gakoa izango da. Oso pilotari onak dira, eta hasieratik irabaztera irtengo dira; asko jokatzen dute biek, eta erasokor irtengo dira. Gure helburua ahalik eta ondoen jokatzea izango da; eta ahal izanez gero, finala irabaztea. Neure aldetik lan handia egin beharko dut defentsan, Mendizabal asko sartzen den eta asko arriskatzen den pilotaria da-eta; askotan ondo egiten du, gainera. Untoriak zelan jokatzen duen ezaguna da; debutatzekotan ei da, gainera. Irabaztera irtengo da, ziur.

Mendizabal eta Untoria jotzen dituzu faboritotzat, beraz?
Bai nik bai gainerakoek ere eurak jotzen dituzte faboritotzat, baina beti gertatu daitezke sorpresak, eta hori aprobetxatzen ahalegindu beharko dugu.

Untoria txapelketako atzelari onena dela esan dute askok. Zer deritzozu?
Beragaz jokatzeak sekulako ziurtasuna ematen dizu. Finalerdietan beragaz egotera, nahiko lasai egon nintzen. Finalean, aldiz, bere aurka jokatu beharko dut.

Hainbatean bikote izan duzun Landaburu finalaren atarian geratu da.
Sekulako pena izan da, finalean batera jokatuko genuen-eta. Biok elkarrekin jokatuz gero, aukera handiak izango genituzke finala irabazteko; urte guztian zehar batera jokatzen dugu, eta oso ondo ulertzen dugu elkar. Hasieran makal ibili ginen biok, baina gora egin dugu partiduak jokatu ahala.

Biharko Izarrak erakusleiho ona dela esan ohi da.
Azken aldian txapelketa irabazi duten atzelari askok profesionalekin debutatu dute gero; hori zerbaitegatik izango da. Euskal Herriko pilotari onenek parte hartzen dute bertan, eta afizionatu mailako txapelketa onenetarikoa dela esaten da.

Eta zuk, profesionalekin debutatzeko aukerarik ikusten duzu?
Oraingoz ez nago horren zain. Badakit zein egoeratan dagoen debutatzeko kontua, eta oraintxe bertan ez dut sentitzen debutatuko dudanik. Gaur egun asko nabil disfrutatzen pilotan, eta nire asmoa disfrutatzen jarraitzea da; partidak jokatzea, lesioek errespetatzea eta disfrutatzen jarraitzea. Profesionalen maila hor dago, eta debutatzea lortzen badut, ondo; hala ere, oso gustura nago afizionatuetan jokatzen.

Bestela, zer moduz denboraldia?
Oraingoz Bizkaiko Txapelketa eta Egiakoa irabazi ditut aurten. Ostean, lau hilez txarto ibili naz eskuetatik, eta ez dut maila ona eman. Orain, Mallabiko finala eta Bergarako Hiria txapelketa ditut buruan; Bergarakoan finalerdia jokatuko dut martitzenean. Udan, berriz, Antiguako txapelketa izango da nire helburua. Iaz finalera heltzea lortu genuen; ea aurten noraino ailegatzeko kapaz garen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!