Gaur jokatuko dituzte Biharko Izarrakeko finalerdiak

Anboto 2011ko mai. 26a, 10:36

Mendizabal-Aretxabaleta eta Arrese-Landaburu; Ezkurdia-Zubiri eta Azpiri-Untoria bikoteak lehiatuko dira.

Mendizabal-Aretxabaleta eta Arrese-Landaburu; Ezkurdia-Zubiri eta Azpiri-Untoria bikoteak lehiatuko dira.

Otsailean hasi eta gero, Biharko Izarrak txapelketa amaierara heltzen hasi da. Gaur gauean finalerdiak jokatuko dituzte ligaxkan partidu gehien irabazi dituzten zortzi pilotariek. Kanporaketak eta gero, hauek izan dira finalerdietarako sailkatu diren pilotariak: Mendizabal, Aretxabaleta, Arrese, Landaburu, Ezkurdia, Zubiri, Azpiri eta Untoria. Carlos Garcia antolatzailearen berbetan, pilotariek “oso maila ona” eskaini dute, eta txapelketa osoan zehar legez, finalean ere ikuskizuna ziurtaturik egongo da.

Garciaren aburuz, Untoria nafarra ligaxkako “atzelari onena” izan da, eta zeresan handia emango duen pilotaria izango ei da. Durangaldetik, ostera,  bi lagun sailkatu dira finalerdietarako: Landaburu eta Azpiri elorriarrak, hain zuzen ere. Azken hori izan da txapelketako “sorpresa”; Perez faboritoaren aurretik sailkatu da gazte elorriarra. Garciak, Mendizabal antzuolarraren txapelketa azpimarratuz, pilotariak izandako ibilbidea nabarmendu gura izan du: “Finalera helduz gero, ez luke lehenengoa izango“. 

Ikusle aldetik egon den erantzuna “nahiko ona” izan dela nabarmendu du Carlos Garciak; horri lotuta, ekainaren 3ko finala telebistaz eskainiko dutela azpimarratu du antolatzaileak. Biharko Izarrak txapelketatik, izenak dioen legez, gerora goi mailan lehiatzera heldu den hainbat pilotari irten da : Ibai Zabala, Berasaluze… Aurtengo edizioan aritu direnetako “bik edo hiruk” etorkizunean “jauzia” emango dutela deritzo Garciak; tartean, Albaradok: “Lau edo bost tantogatik ez da sailkatu finalerdietara”, dio mallabitarrak. 

Biharko Izarrak txapelketaz gainera, aldi berean lau t’erdiko txapelketa ere jokatu dute asteotan Mallabiko pilotalekuan; gaur finalerdiak jokatuko dituzte: Bendoiro-Legorburu izango da lehenengoa; bigarrena, berriz,  Sancho-Juanenea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!