'Guretzako saria da maila bat gora igotzea; egindako lanaren ordaina'

Anboto 2011ko mai. 7a, 08:48

Euskal Ligan ezustekoa eman du Mallabiak. Urte bakarrean Nazional B mailarako txartela lortu dute mallabitarrek. Bertako jokalari den Ortzi Gisasolagaz berba egin dugu; asteotan entrenatzaile ere badabil

Euskal Ligan ezustekoa eman du Mallabiak. Urte bakarrean Nazional B mailarako txartela lortu dute mallabitarrek. Bertako jokalari den Ortzi Gisasolagaz berba egin dugu; asteotan entrenatzaile ere badabil. Zazpi urtean lau igoera lortu dituzue. Halakorik espero zenuten? Ez. Lehenengo bi-hiru urteak probatzearren hasi ginen. Pixkanaka, emaitza hobeak lortuz joan ginen, jokalari berri batzuk etorri ziren eta lehenengo erregionalera igotzea lortu genuen. Ondoren, urtero prozesu bera errepikatu da; lehendabiziko itzuli onak egin, ostean, igoeraren bila joan izan gara. Aurten, ostera, ezberdina izan da: mantentzea izan da hasieratik gure helburua; Federazioak harturiko neurriengatik, sei talde jaitsiko dira: Ligak mugatu nahi dituzte. Maila berria, eta sei talde jaisten dira... gaitz ikusten genuen. Joaneko itzuli ona egin genuen, eta goian geundenez, gure aukeretan sinetsi genuen. Hiru jardunaldiren faltan, igoera matematikoki ziurtatu genuen, eta orain txapelketaren bila goaz. Euskal Ligan, lehenengoan lortu duzue igoera. Zeintzuk izan dira gakoak? Joko aldetik, ez gara korapilatzen, ez gara Bartzelona; baloia mugitu, posizioa... Guk kontraerasora jokatzen dugu; atzean itxaron eta ondo defendatu. Jokalari azkarrak eta onak ditugu, eta horretaz baliatzen gara, batez ere. Taldean gehienbat futboletik etorritako jendea dago. Ez dugu formakuntza berezirik jaso areto-futbolean; ez dugu estrategiarik edo taktikarik lantzen. Gutxi gorabehera, jokatzeko modu antzekoa dugu, eta horretaz baliatzen gara. Alde handia igarri duzue maila artean? Bai. Euskal Ligan partiduak irabazteko ondo jokatu behar izan dugu. Beste maila batzuetan, ostera, txarto jokatuta ere irabazteko aukerak izan ditugu. Aurten ez, akatsak ordaindu egin izan ditugu. Lehentasunezko Mailan ere maila ona dago; asko kostatzen zitzaigun partiduak irabaztea. Nazional B mailara aldaketa igarriko duzue? Zer helburu duzue? Datorren urtean maila ez galtzen saiatuko gara. Horretarako, mailara egokitu beharko dugu, lehenengo: bai joko aldetik bai egitura aldetik. Kirol arloan mantentzen bagara, bestean ere lortuko dugula uste dut. Durangaldeko hiru talde arituko zarete Nazional B mailan. Zer maila dago eskualdean? Ona. Elorriokoren aurka ez dugu jokatu, baina Sasikoa Bren aurka bai, eta onak dira. Orokorrean talde onak daude, eta aurkari gogorrak izan dira euren aurka jokatu izan dugunean. Hor daude Presion Break eta Kurutziaga ere. Zaletasuna ere badago, batez ere, Durangon. Mallabiak eta Sasikoak gazte talde bana dute. Harrobia sustatu guran zabiltzate? Mallabiko gazte gehienek futbolera jokatzea dute nahiago. Hori dela-eta, gure jokalari gehienak berriztarrak eta ermuarrak dira. Taldea mantentzea eta indartzea da gure helburuetako bat; Nazional B mailan aritzeko beharrezkoa da gazte taldea edukitzea, gainera. Jardunaldi honetan Inter liderraren aurka jokatuko duzue... Gu irabazteko asmoagaz kantxaratuko gara; presiorik ez daukagu, gainera. Txapelketa irabazteko geratzen zaizkigun bi partiduak irabazi egin behar ditugu, eta guk, eukera dagoen bitartean, liga irabazteko asmoa dugu. Jokalari aritzeaz gainera, entrenatzaile lanak ere egin dituzu azkenaldian. Bai, hala da. Azkeneko bost partiduetan entrenatzailea izan naiz; ez dut jokatu, ordea. Ondo moldatu naiz, gustura ibili naiz, kideek errespetatu naute, eta emaitza onak lortu ditugu. Orain arte Juan Carlos egon da, baina ezinezko zitzaion leku guztietara heltzea. Datorren denboraldirako entrenatzaile bila zabiltzate? Bai. Entrenatzaile federatua behar dugu-eta. Nazional B mailan aritzeko, derrigorra da entrenatzaile federatua, eta baten baten bila gabiltza. Horrez gainera, taldearen egitura aldatu beharko duzue... Lehen esan bezala, maila berrira egokitu behar gara; lehendakari berria izango dugu, Miren Aja, eta horrez gainera, entrenatzailea bilatu behar dugu. Gure asmoa, orain arteko filosofiarekin jarraitzea da; talde bezala oso ondo funtzionatzen dugu, lagun taldea ere bagara-eta. Entrenatzaile berriari eskakizun hori bakarrik egingo diogu: orain arteko bloke berarekin jarraitu nahi dugu. Guretzako opari bat da Nazional B mailan aritzea, eta guztiok gozatu nahi dugun saria da. Denboraldian zehar egindako lanaren ordaina da igoera hau.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!