Lau izarrik distiratsuenak gaurko finalean lehiatuko dira

Anboto 2010ko eka. 11a, 10:07

Biharko Izarrak txapelketaren joko sistema bereziaren ondorioz, binakako finala jokatuko duten bikote biek lehenengoz jokatuko dute elkarrekin: Elezkanok eta Merinok Mendizabal eta Landabururen kontra jokatuko dute.

Pilota profesionalagaz amesten duten Euskal Herriko 24 pilotari gazte lehian ibili dira Mallabian, Biharko Izarrak txapelketan. Hiru hilabete, 18 jardunaldi eta 36 partiduren galbahea igarota, erabakita dago gaur 20:00etan txapelaren bila jardungo duten izarrik distiratsuenen zerrenda. Biharko Izarrak txapelketaren joko sistema bereziaren ondorioz, binakako finala jokatuko duten bikote biek lehenengoz jokatuko dute elkarrekin; beste era batera esanda, pilotari bakoitzak finalerdietan bikotekide izan zuenaren kontra jokatuko du. Korapiloa askatzeko argitu ditzagun lau protagonistak: Elezkanok eta Merinok Mendizabal eta Landabururen kontra jokatuko dute. Adituek Elezkano eta Merino jotzen dituzte faborito moduan. Merino errioxarrak dagoeneko kontratua sinatu du Aspegaz eta Mallabiko txapelketa amaitu eta hurrengo asteburuan debutatzekoa da profesionaletan. Pilotari konpletoa da, kolpea ere baduena. Elezkano bizi mugitzen da aurreran, baina baliteke jokoa atzean kargatzeko estrategia erabiltzea. Horrela jokatzea erabakitzen badute, Landaburuk lan asko izango du. Dena dela, Rikardo Altubek, txapelketako antolatzaileetako batek, gauzak ez ditu hain argi ikusten: \"Landaburu sasoi puntu itzelean dago. Txapelketa ikaragarria osatu du eta berea emanez gero, partidua estutu dezakete\" Mendizabalek haizea alde zuela jokatu zuen finalerdietan, Merinok nagusitasunez agindu zuelako. Gaur bestelako lana egitea egokituko zaio. Ahal duen neurrian atzelariari laguntzen eta aukera duen aldiro aurrean asmatzen saiatu beharko du. Partidu honen aurretik lau t\'erdiko finala jokatuko dute. Urionaetxebarria eta Jaka egongo dira aurrez aurre Mallabiko pilotalekuan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!