NOLAKOAK DIRA AURREZ AURREKO IKASTAROAK BARNETEGIAN?

Erabiltzailearen aurpegia Zornotzako Barnetegia 2020ko urr. 16a, 17:30

Gogoratuko duzuenez, joan den astean, ikastaro telematikoen funtzionamendua azaldu genizuen. Zer diren, nola antolatzen ditugun, zein aukera eskaintzen dugun eta abar. Gaur, berriz, barnetegian bertan ematen ditugun aurrez aurreko eskolen inguruan idatziko dugu.

Nola aldatu da gure etxea eskola presentzialak eman ahal izateko? Eta bertan jateko, lo egiteko, hau da, bizitzeko? Hori argituko dizuegu gaur. TEstuaren azpiko galerian argazkiak jarri ditugu, sarritan irudiekin ulertzen baita hitzekin baino hobeto! 

 

SARRERA/IRTEERAK

Sarrera eta irteerak banatuta daude, eta gezi eta ikur bidez argi markatuta dago nondik eta norantza mugitu ahal garen; gauza bera pasabideetan, eskaileretan eta zerbitzu guneetan ere (harreran, jantokian, idazkaritzara bidean…). Gurutzebideetan, ateen ondoan eta hainbat puntu estrategikotan, eskuak garbitzeko gela, eta abisu kartelak daude, eskuen higienearen garrantzia gogorarazteko.

Komunek semaforoa dute orain ate gainean, libre dauden ala barruan norbait dagoen jakin ahal izateko. Horrek, itxaroten egotea eta jendea bertan pilatzea sahiesten du.

 

IKASGELAK/ESKOLAK

Ikasgela zein gela guztietan (mediateka, irakasle gela, zuzenketa gelak, garbigailuen gela…) daude, batetik, paper zapiak eta, bestetik, eskuentzako hidrogela eta gauzentzako gel desinfektatzailea. Klaseetako leihoak orduro irekitzen dira, gela aireztatu dadin.

Ikasle bakoitzak bere aulkia eta lekua ditu, ondo markatuta. Zerbaitetarako ikasgelaz aldatuz gero, adibidez, zuzenketak irakaslearekin banan-banan egiteko, irakasleak ikasle bakoitza bertatik pasatu ondoren, erabilitako aulkia eta mahaia garbitzen ditu. Horrez gain, leihoa zabaltzen du hurrengo ikaslea sartu aurretik gela aireztatzeko.

Ikasleei banatu beharreko materialak (fotokopiak etab.) hiru egun lehenago prestatzen dira, eta “berrogeialdian” egoten dira erabili behar diren egunera arte.

Horiez guztiez gain, nola ez, maskarak jantzita, eta, norbaitek maskararekin arazorik izanez gero (apurtu, galdu, ahaztu…), barnetegian bertan mota askotakoak ditugu edonori eman ahal izateko.

 

LOGELAK/GOIKO SOLAIRUA

Logeletan ikasle kopurua mugatua da: gehienez bi ikasle. Bakoitzari zenbaki bat dagokio, eta ikasle bakoitzak zenbaki horrekin jakingo du zein komun, dutxa eta konketa erabil ditzakeen, hauek ere zenbakiz markatuta baitaude.

 

KANPO EKINTZAK

Egunero sareetara igotzen ditugun argazkietan ikusiko zenuten jada, baina hala ere, jakin kanpo ekintzak egiten jarraitzen dugula,  euskara praktikatzeko modu ezinhobea baita. Dena den, aldaketa batzuk egin behar izan ditugu eta hainbeste ikastaro izaten ditugu orain Areto Nagusian (dantzak, Yoga, zumba…). Irteera eta txangoak, berriz, oinez egiten ditugu autoak ez hartu behar izateko, eta bertako inguruak ezagutzera joaten gara (Boroa, Bizkargi, Etxano, Zelaieta …).

 

 

Osorik irakurri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!