Izan ere, benetako konponbideetatik baino gehiago du neurri-pakete horrek hitzontzikeriatik. Ez da kasualitatea, etxebizitza-arazoa pil-pilean dagoen garaian, ustez, hari aurre egiteko neurriak saltzea. 16 etxebizitza merkaturatu nahi omen dituzte Alokabideren eskutik, Etxebideren zerrendetan 1.000 alokairu-eskaeratik gora dituen herri batean. Zenbat etxebizitza huts ote dago Durangon espekulaziorako bahiturik? Eta, kuriositatez, etxebizitza lehen plano mediatikoan ez zegoen bitartean, etxegabetzeak isilean gordetzen zirenean, zertan egon dira zuen 16 etxebizitza horiek?
Gazteentzako alokairurako diru-laguntzak ere areagotuko omen dituzte. Berri ona gazteon etxe-jabeontzat. Gurekin etorriko al zarete alokairua beltzean igo ez dakiguten eskatzera?Eta etxea seme-alabentzat behar dutela esanda, gu bota eta 200€ garestiago merkaturatzen dutenean? Mesede galanta egingo digute diru-laguntzek orduan.
Eta ez ahaztu tasatutako etxebizitzak! Alkateordearen "konponbidea", "irtenbidea"; baten bat etxebizitza erosi barik geratzekotan, gura duelako izango da. Durango izango da etxebizitza tasatuak etxebizitzaren arazoa konponduko duen lehen herria. Bide batez, zorionak etxeok eraikitzetik aberastuko diren eraikuntza-enpresen buruei; udal gobernuak guztiontzako gobernatzen du, baita (eta batez ere) zuentzat ere.
Horra, bada, udal gobernuak "baliabide gutxien eta behar gehien dituztenei" eskainiko dizkien "benetako neurriak", domina paparrean jantzita, ehundaka etxebizitza huts dituen herrian. Etxebizitza-arazoari era arduratsuan aurre egiteko gaitasunik ez baduzue, ez iezaguzue kerik saldu, behintzat, tonto aurpegia ateratzen hasia zaigu eta.