Lehenengo kilometroak lasaiak izan ziren. Korrikalari batzuek harriduraz begiratzen zioten, beste batzuek sinpatiaz. Legez ezin zen maratoian lehiatu, emakumea zelako. Emakumeek debekatuta zuten halako probetan parte hartzea. Emakumearen gorputza makala ei zen, ez ei zegoen prestatuta muturreko esfortzuetarako. Gizonezkoak baino ez ziren lehiatzen, eta emakumeak begira egon behar! Aurreiritziz beteriko arau matxisten kontuak, jakina. Inskripzio orrian K.V. Switzer idatzi zuen, ohiko zuen moduan, eta inor ere ez zen konturatu emakume batek izena eman zuela proban.
Seigarren kilometroan hasi zen zalaparta. Gizonezko bat —lasterketako zuzendarietariko bat— haserre bizian jaitsi zen antolakuntzaren autobus batetik, Kathrineri "kanpora nire lasterketatik, ekarri zenbaki hori!" oihuka. Zenbakia kentzen ere ahalegindu zen baina ez zuen lortu, korrikalari batek, Katherineren bikotekideak, bultzakada eman ziolako. Kathrinek korrika jarraitu zuen, begiak malkotan eta beldurrak gorputz osoa hartuta, baina barruan sua piztu zitzaion. Gainerako kilometroak ez zituen berarengatik egin, "ezin duzu" entzun behar izan zuten emakume guztiengatik baino. Bere urrats bakoitza erronka bat zen, kilometro bakoitza erresistentzia ekintza bat, eta ibilbide guztian zama itzela sentitu zuen, emakumeak mendeetan sufritu izandako diskriminazioaren zama. Leher eginda gurutzatu zuen helmugako marra, baina garaile. Ez zuen dominarik irabazi, baina bai lekutxo bat historian emakumearen eskubideen alde (kirolean, kasu honetan) borrokatzeagatik. Maratoi batean legalki (dortsalarekin) parte hartu zuen lehenengo emakumea izan zen.
Agintariek deskalifikatu egin zuten eta arauak zorroztu zituzten berriro halakorik gerta ez zedin, baina kukuak oker jo zien. Kathrineren balentria mundu osoan zabaldu zen eta harrezkero milioika emakumek jantzi ditugu zapatilak libre egiteko korrika. Korrika egitea ez delako bakarrik ariketa egitea. Libertatea ere bada, indarra, erresistentzia eta borroka. Kathrinek bidea zabaldu zigun emakume korrikalarioi, eta jarrai diezaiogun askatasunaren bide horri, gogoratuta Lilakrosean, Emakumearen Lasterketan zein zapatilak janzten ditugun bakoitzean 261 dortsala eraman zuen emakumearen lorratzari jarraitzen diogula.