Benetako kirol espirituak ez du zerikusirik irabaztearekin eta galtzearekin; hori ez da garrantzitsua. Benetako kirolariak, benetako jokalariak, gozatu egiten du parte hartzen, gozatu egiten du jokoan. Irabazteko asmoz eta helburuz jokatzen baduzu, urduri egongo zara, eta larri ere bai. Jokoak berak ez dizu inporta izango, eta jokoak ematen dituen alegrantzia eta misterioa ez dira garrantzitsuak izango zuretzat. Emaitza bakarrik, emaitza baino ez duzulako helburu eta amets. Beraz, emaitzaren gatibu izango zara, eta haren araberakoa izango da zure aldartea, haren arabera egongo baitzara pozik, umoretsu, irribarretsu, praketan kabitu ezinik… edo triste, ernegatuta, bekozkoarekin, lur jota... Garaipena zein porrota besapean estu hartuta, aldarte batean orain eta bestean gero, hori ez da munduan bizitzeko modua, haize-orratza baino zoroago ibiliko baitzara, noraezean eta iparra galduta.
Bizi zaitez munduan zer gertatuko den pentsatu barik. Irabazi zein galdu, berdin dio, horrek ez du batere garrantzirik. Inporta duen bakarra da nola jokatu duzun edo nola hartu duzun jokoa. Benetan gozatu duzu jokoarekin? Hala bada, alegrantziak besarkatu eta oso-osorik harrapatuko zaitu.
Irakurle, orain arte irakurri duzuna ez da nire uztakoa, ez dut nik idatzi. Liburu baten irakurri dut (gaztelaniaz) eta gogoetarako leiho bat zabaldu dit. Zurekin konpartitu gura izan dut, besterik ez.