Infernuan bekatuaren harragaz

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Azkorbebeitia Urizar 2025ko ira. 19a, 08:28

Bost egun dira Espainiako Vuelta amaitu dela, bost egun Palestinako bandera artean lehiatu duen proban bizikletatik jaitsi zela, eta orain ulertu eta barneratu ditu lasterketa hankaz gora ipini duten protesten esangura, Gazan bizi duten errealitate krudel, sinestezin eta onartezina, eta bera dagoen txirrindularitza taldeko partaide izatearen hanka-sartzearen dimentsioa. Lur jota dago eta ez da horrela dagoen bakarra taldean.  

Inoizko lehiaketarik gogorrena egin zaio Vuelta. Porru eginda amaitu du, fisikoki eta psikologikoki. Lau urte daramatza Israel taldean eta inoiz ere ez du halakorik bizi izan. Kontratua sinatu zuenean zalantzaren harra barru-barruan zuen, bere printzipioei lepoa eman eta estatu genozida baten aldeko taldean eragingo zielako pedalei. Baina taldeak aukera bikaina eman zion txirrindularitzan jarraitzeko, diru kopuru polita ere bai, eta, bere kirol ibilbidea eta sosak lehenetsita, taldera batu zen. 

Orain etorri dira komeriak. Ernegua, lotsa eta errua sentitzen ditu, herrialde oso bat desagerrarazi gura eta 20.000 ume gosez eta bonbez hil dituen (hiltzen dabilen) estatu genozida bat hauspotzen ibili delako azken urteetan, haren izena paparrean eroanda, haren alde izerdia botata, eta harek hildako palestinarren odolez bizikletaren katea koipetuta. Askotan entzun du zertarako sortu zen txirrindularitza talde hau, kirolaren bitartez Israelek Palestinan (batez ere) egindako barrabaskeriak zuritzeko eta munduaren aurrean Israelen irudia garbitzeko, kirolaren balioei ostikada ederra emanda bide batez, baina halako komentarioen aurrean belarriak itxi egin ditu beti, nekeza delako halako errealitate gordinari aurre egitea. Eta orain odolkiak ordainetan, jakina.

Lasterketan zalantza izan du ihes egin edo tropelean geratu eta ikusezin jarraitu, Palestinako banderei eusten zieten ikusleen eta gainerako txirrindularien beldur. Izan ere, denek argi utzi diete ez dutela begi onez ikusten Israel tropelean egotea eta taldeak lasterketa bertan behera uztea zela irtenbide bakarra istilurik ez egoteko eta lasterketak bere bidea lasai eta segurtasunez egiteko. Baina ez, taldeak temoso eutsi dio, lasterketan jarraitu du, eta egunak joan egunak etorri tentsioak gora egin du. Eta txirrindulariari hanketako mina baino jasangaitzagoa egin zaio buruko mina, zer esanik ez bihotzekoa, bere pedalkada bakoitza palestinar gosetuei eginiko tiro iruditu baitzaio. Nahikoa tiro ez janaria eskuratzeko ilaretan, eta orain bereak.

Orain, Vuelta amaituta, entrenatzeko ordua da, baina ezin du. Sofa ertzean jesarrita dago, eskuak buruan, negarrez. Errudun eta zikin sentitzen da, infernuan bekatuaren harragaz. Ondoan taldeko maillota du, baina ez du indarrik janzteko. Higuina ematen dio, milaka gizaki errugaberen odolez zikinduta dagoelako eta palestinarren infernuko sua bizitzeko prenda delako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!