Monte Rosa Skymarathon

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Azkorbebeitia Urizar

Azken urteetan begiz jota izan dut Italiako Monte Rosa Skymarathon mendi lasterketa, eta bete dut ametsa. Bikoteka egin beharreko proba da eta Laura Sola korrikalari uztarroztarragaz egin nuen. Lagun aproposa abenturarako. Lasterketan 4.554 metroko altuerara igotzen da eta derrigorrezkoak dira, besteak beste, hamar metroko soka (korrikalari biok segurtasunagaitik elkarri lotuta joateko), arnesa, kranpoiak (glaziarrerako), via ferratetarako disipadore bikoitza (hango soka finkoari lotzeko) eta hotzerako arropa egokia. Beraz, ez da txantxetarako moduko lasterketa. Ondo prestatuta joan behar da eta proba egunaren aurretik altuerara aklimatatzea eskatzen du. Bestela, jai duzu. 

Lasterketa zapatuan izan zen eta martitzenean hasi genuen aklimatazio lana. Lasterketa hasten den Alagna Valsesia herritik (1.154 m) goizean goiz irten eta Città di Mantova mendi-aterpean (3.498 m) egin genuen gaua. 

Berriro beheko herrian, Alagna Valsesian, bariku goizean dortsalak hartu genituen, 6A eta 6B, eta arratsaldean briefing-era joan ginen, lasterketari buruzko txarlara. Besteak beste, kontuz ibiltzeko esan ziguten, aurreko egunetako beroaren ondorioz arrakalak sortu zirela glaziarrean, eta elur-baliza laranjak ipini zituztela; haien ondotik joan behar genuen, badaezpada. 

Irteeran, dena prest. Bastoiak eskuetan, arnesa ipinita, praka elastiko luzeak eta polainak jantzita, soka aldean (Laurak eraman zuen), eta motxilan zira, kranpoiak, mosketoiak, jatekoa… Tropelaren bizitasunak bultzatuta, bizkorregi hasi genuen lasterketa, baina laster mantsotu genuen erritmoa denok, Monte Rosaraino igo eta igo zelako dena, atsedenik barik. Gorako bidean material kontrola izan genuen. ARVA (Appareil de Recherche de Victimes d'Avalanche) erakusteko eskatu ziguten bakarrik. Elur-jausiren batean elurpean geratuz gero, seinale bat igorri eta mendizalea lokalizatzeko balio duen aparatua da. Paparrean edo tripa parean eraman behar zen, inola ere ez motxila barruan. Gorago, beste kontrol bat, kranpoiena. Kontrol gunetik tontorreraino eta bueltan leku bereraino derrigorrez ipinita eraman behar ziren, eta tarte horretan biok sokatik elkarri lotuta joan behar genuen. 

Lasterketa, beraz, alpinismo kontu bat bihurtu zen, niretzat desberdina. Eta halako batean, biok altueragaitik makalaldiren bat edo beste pasatu ostean, punturik gorenera heldu ginen, Cappana Regina Marguerita mendi-aterpera (4.554 m), Europako aterperik gorenera (Alturako medikuntzako ikerketa zentroa ere bada). Goialdean tenperatura freskoa zegoen, eta elurra gogor, baina beherako bidean elurra bigun-bigun zegoen beroaren eraginez, eta oso deseroso egin zitzaigun jaitsiera. Jausi eta altxatu ibili ginen, baina elurretan min handirik ez. Gorputza ondo mailatuta heldu ginen helmugara, baina pozarren. Esperientzia zoragarria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!