Esfortzu proba

Urtean behin egiteko ohitura dut. Gaur egin dut aurtengoa, martxoak 11, martitzena. Autoan sartu, Elorriorako bidea hartu, Kanpanzar igo, Udalatx mendi ederrari begi keinu bat egin (gaur ez, gaur ez dut mendian korrika egingo), Arrasateko kaleetan sartu, autoa aparkatu, eta Athlon Kirol Medikuntza zentroan sartu naiz. Bertako langileak agurtu, aldagelara joan, erantzi, kirol arropa jantzi, eta esfortzu probako gelara joan naiz.

Proba egin aurretik, medikuaren ohiko galderei erantzun diet. Aurrekari medikoak, ea alergiarik badudan, ea analitikarik egin dudan aurten, ea lesiorik edo minik izan dudan azken urtean eta abar. Beste ohiko galdera bat da zenbateko maiztasunez egiten duzun kirola. Mendi lasterketei buruzko gaia ere atera dugu, Athlonekoak aspalditik ezagutzen ditut eta. Urteak daramatzat hara joaten, Euskal Selekzioan hasi nintzen garaitik.

Berriketalditxoaren ondoren, malgutasun eta luzatze proba batzuk, eta oreka neurtzeko beste batzuk. Gero, partxe itsasgarriak ipini dizkidate paparrean, elektrodoak. Partxeak ordenagailu batera konektatuta daude, kableen bitartez, eta hango pantailan agertuko da nire elektrokardiograma: nire bihotz-erritmoa, presio arteriala, arnasketa eta abar. Esfortzu probaren (ergometria) bitartez, ariketa fisikoa egitean bihotzak duen jarduera aztertzea da helburua. Ariketaren ondorioz, bihotzak indartsuago eta azkarrago ponpatzen du odola, eta arteria koronarioetan gaixotasunik badagoen ala ez ikusten da.

Esfortzu proba korrika egiteko zintan edo bizikletan egin daiteke. Nik beti egin izan dut zintan, gaur ere bai. Probak 15 bat minutu irauten du. Zinta martxan ipini, eta oinez hasten zara. Zinta geroago eta bizkorrago ipintzen dute minutu erdiro: orduko kilometro erdi gehiago. Arineketan gehiago ezin duzunean, medikuak abiadura moteltzen du. Lehenago ere izan daiteke, medikuak nahikoa informazio batzen duenean, baina, normalean, zure esku uzten du noiz geratu. Denoi gustatzen zaigu jakitea noraino ailegatu gaitezkeen eta zein abiaduran jotzen dugun goia.  

Athlonen bertan dutxa bat hartu, hango langileak agurtu, autoan sartu, bueltako bidean Udalatxi beste begi keinu bat egin, etxera heldu, eta eguneroko zereginei ekin diet berriro. Esfortzu probako emaitzak lasterrera bidaliko dizkidate.

Kirolari guztiei lantzean behin esfortzu proba bat egitea gomendatuko nieke, oinarrizkoa behintzat. Kirol azterketa horri eskerrak, gure osasun egoera eta sasoia baloratu ahal izango ditugu, eta kirola egitean zein intentsitateraino ailegatu gaitezkeen jakin. Informazio hori izatea ezinbestekoa da gure kirol helburuak finkatzeko. Athlon zentroa aipatu dut nik, baina Durangaldean ere badago nora jo halako proba bat egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!