Martuteneko San Silvestre

Mendi lasterketen denboraldia luzeagoa da urtetik urtera, eta esango nuke urtearen hondar-hondarrean amaitzen dela, Gabon zaharrez, San Silvestre lasterketekin. Izan ere, badira mendian jokatzen diren San Silvestreak. Gu, esaterako, Bergarakora joaten gara.

San Silvestreak bereziak dira, lehia alde batera utzi eta lagun giroa sortzen delako batez ere. San Silvestreetan gutxik erreparatuko diote nork irabazi duen, nor sailkatu den bigarren… Askoz ere garrantzitsuagoa da kirol apur bat egitea, aipatu dudan lagun giro horren parte izatea, lasterketaren ondoren kuadrillan edo senide artean trago bat jotzea eta berriketaldiak izatea.

Aurten San Silvestre berezi batean parte hartzeko asmoa izan dut, Martutenekoan. Mendiko korrikalari birekin joatekoa nintzen: Ioseba Eskuderorekin eta Goar Lopetegirekin. Hirurok gonbidapena jaso genuen. San Silvestre proba Martuteneko kartzelako presoekin egitea zen asmoa, abenduaren 28an, eta ilusio berezia egiten zidan. Belabieta Elkarteak antolatu zuen ekimena. Kartzelatik irten eta bertako presoekin hango inguruetan lasterketatxo bat egitekotan ginen, kronometroari eta sailkapenari begiratu ere egin barik, jakina. Proba egin aurretik hiru mendi korrikalariok hitzaldi bat ematea eta proba amaitu ostean presoekin meriendatxo bat egitea zen asmoa. Eta hauxe helburu nagusia: elkarbizitza, aisialdi osasungarria eta giza harremanak eta balioak sustatzea.

Baina Belabieta Elkarteak hainbesteko mimoz prestatu duen ekimenak ez du aurrera egingo. 

Jakingo duzuenez, Fermin Muguruza abeslariak kontzertu bat eman du oraintsu Martuteneko kartzela horretan. Bertan, orain dela 39 urte kartzela horretatik bertatik San Fermin egunez Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak bafle baten barruan ezkutatuta ospa egin zutela gogoratzen duen Sarri Sarri abestia ere kantatu zuen Ferminek, eta horrek hautsak harrotu ditu. Covitek ekimena gogor kritikatu eta EAJri eta PSE-EEri kontuak eskatu eta gero, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak kartzelako kontzertua “akatsa” izan zela adierazi du. Eta, horren ondorioz, hemendik aurrera Justizia eta Giza Eskubideen Sailak gogortu egingo ditu kartzeletan ekintza kulturalak egiteko baldintzak. Eta baita kirol ekintzak ere, jakina; aurtengo San Silvestre tarteko. Atzera bota dute. Kito. Beste atzerapauso bat adierazpen askatasunari eta presoen giza eskubideei dagokienez. Negargarria!  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!