Eskerrik asko eta zorionak, Mañaria

Ez dakit zelan hasi azaltzen aurreko zapatuan Mañariko mendi lasterketan bizi izandakoa. Bueno, bai, izenburuan idatzi dudana esanda: Eskerrik asko eta zorionak, Mañaria.

Mañaritik Atxetara mendi lasterketaren berri izan nuenean, zirrara berezitxo bat sentitu nuen. 42 kilometroko mendi maratoia Durangaldean, gure parajeetan, txakurrekin gora eta behera ibiltzen naizen mendi, zelai eta basoetan. Atxarte, Astxiki, Larrano, Zabalandi, Urkiolamendi, Urkiola, Untzillatx… Ibilbide ederragorik! Ezin gehiago eskatu. Eta seguru nago parte hartu zuten Durangaldeko gainerako korrikalariek ere (eta beste denek) berdintsu pentsatuko dutela eta eurek ere zirraratxo hori sentitu zutela; eta parte hartu ez duten batzuei arantzatxoa geratu zaiela dortsala ipini ez dutelako. Trankil, datorren urtean.

Aitor Zunzunegi legorretarra ere etorri zen, eta irabazi egin zuen, baina irabazi izana baino garrantzitsuagoa iruditu zitzaidan dortsala ipintzen geundela esan zuena: “Datorren asteburuan munduko kopako proba daukat, eta igual komeni ez hemen parte hartzea, hau hain gogorra izanda ez naizelako ondo errekuperatuko, baina beti gabiltza honako lasterketa gogor eta ederren bila, Italian eta halakoetan, eta nola ez naiz, ba, etorriko!”. Debako Irene Sarrionandia korrikalari beteranoak ere ezergatik ere ez zuen galdu gura izan umetan jolasten zen Atxarteko parajeetatik pasatzen den lasterketan parte hartzeko aukera. 

Egia esan, Mañaritik hasita, aukera mordoa dago mendi aldera tiretu eta ibilbide txukun bat aukeratzeko, baina lasterketa baterako ibilbide egokia egitea ez da erraza izaten, eta, nire gusturako behintzat, bete-betean asmatu duzue. Aukeran, sasoi honetarako, lasterketa gogorregia da beharbada, denboraldia aspaldi hasi genuelako eta udan mundu guztiak ez daukalako gura duen beste denbora halako erronka handi bat prestatzeko, baina, tira, 22 kilometroko lasterketa laburragoa ere ipini duzue aukeran, eta makina bat lagunek gozatu dute horretan. Gainera, Urkiola Koparako puntuagarria izan da, Sorginen Lasterketagaz eta Aramotz lasterketagaz batera. Mendi martxa eta haurrentzako lasterketa ere “azierto” itzela izan dira. 

Eskerrik asko eta zorionak, berriro, antolakuntzan ibili zareten denoi, den-denean azartatu duzue eta. Okerrik ezean, datorren urtean ere Mañaritik Atxetara joango naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!