Villalibreren galleta

Geroago eta lasterketa gehiagotan ikusten ditut kirola eta aldarrikapena eskutik, eta poztekoa da. Asteburuan Lasterbidean lasterketa eta martxa izan ditugu Abadiñon, eta ia mila lagun batu ginen korrika eta oinez euskal preso, iheslari eta errefuxiatuen eskubideen alde.

Leitzako EH Mendi Erronka ultratraila ere aldarrikapenak oinarri hartuta jaio zen, orain hamar urte: euskal mendizaletasuna sustatzea, euskal selekzioen ofizialtasuna, euskararen sustapena, lurraldetasuna, eta ingurumena babestea ditu helburu nagusi. Hirugarren lasterketa bat ere aipatu gura dut: Burdin Hesiko Mendi Lasterketa, Gamiz-Fikakoa. Gerra zibilean, Eusko Gudarosteak Burdin Hesi edo Burdinazko Gerriko horretan aurre egin zion Francoren armadari, baina azkenean frankistek Bilbo eurenganatu zuten, zoritxarrez. Lasterketak memoria historikoa berreskuratzea du helburu nagusi, hesia osatzen zuten lekuetatik igarota. Hortxe aldarrikapenetik sorturiko hiru lasterketa.

Asteon Mbappé futbolari frantziarrak ere aldarrikapena egin du hedabideetan, eta hautsak harrotu ditu. Frantziako hauteskundeetan gazteak botoa ematera joan daitezen eskatu du, eta alderdi ultraeskuindar bati ez emateko zehaztu, arrazoiak ezin hobeto argudiatuta. Chapeau! Baina Athleticeko eta Espainiako selekzioko atezain Unai Simoni ez zaio gustatu. Bere iritziz, kirolariak erreferente dira eta ez ei dira politikan eta abarretan sartu behar. Kontrakoa izan beharko luke, ba! Palestinako genozidioaren aurrean ere denok isilik? AHTaren aurrean ere isilik? Txarrena da, nire kasuan, gure semeentzat Unai Simon erreferente dela, Athleticeko atezaina delako, eta etxean borrokan ibiltzen direla bere irudia agertzen den galleta ahoratzeko. Beste erreferente batzuk gura nituzke umeentzat galletetan, jende konprometituagoa: Asier Villalibre futbolari eta tronpetista euskaltzalea, esate baterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!